Inauterien azken txanpa

Urola Kostako Hitza 2007ko ots. 20a, 16:02
Atzoko (astelehena) desfilean haur eta helduak indioz jantzita.

Mozorro eta jai giroa izan da nagusi asteburuan

(Urola Kostako Hitza)

Aurtengo inauteriak dagoeneko azken txanpara iritsi dira, eta gaur agurtuko dituzte azpeitiarrek jai berezi hauek. Inauteriak eskualde osoan ospatzen diren arren, Azpeitian kutsu berezia izaten dute. Igandean hasi ziren inauteriak Txikiteo Elegante egunarekin. Dotore-dotore eman zieten inauteriei ongietorria azpeitiarrek. Euriak ez zuen etenik izan egun guztian zehar, baina hala ere ordu txikiak arte luzatu zuen batek baino gehiagok jaietako lehenengo eguneko festa.

Egun osoko festaren ondoren, mozorro egunaren txanda izan zen atzo. Goizean herriko txikienak atera ziren. Urteroko ohiturei jarraituz kalejira egin zuten Antxieta Musika Eskolako musikariekin, alde zaharreko kaleetan barrena. Haur asko atera ziren mozorroa soinean zutela. Gurasoen artean ere bat baino gehiago animatu zen txikienekin batera ateratzera.

Haurrentzat ekitaldi ugari izan zen atzo: eguerdian jaialdia izan zen plazan eta arratsaldean, berriz, gaztelu puzgarrietan jolasteko aukera izan zuten.

Herriko helduenen txanda, berriz, iluntzean izan zen eta urtero bezala, mozorro ugari ikusi ziren kaleetan.

Anton Albizu » Albizu ganadutegikoa

"Giro txarra edo onarekin jendea beti ibiltzen da zezenean"

Nerea Uranga » Atzo egun guztian Mutrikuko Olatz auzoan dagoen Albizu ganadutegiko zezenak ibili ziren sokamuturrean. Goizean haurrentzako zezen txikiak ekarri zituzten eta arratsaldean sokamuturrekoak. Anton Albizu (Mutriku, 1955) ganadutegiko arduraduna da.

Noiztik ekartzen dituzue Azpeitira zezenak?

Duela 40 urte inguru dira hasi ginen Azpeitira zezenak ekartzen. Ni neu 17 urterekin hasi nintzen etortzen, eta nire aurretik aita-eta etortzen ziren.

Azpeitian sokamuturrak zer du?

Giroa, jendea eta zaletasuna. Giro txarrarekin edo onarekin, jendea beti ibiltzen da zezenean. Bertako ohitura da.

Zer da arriskutsuena sokamuturrean?

Jendearentzat arriskutsuena soka bera izaten da; zezenarekin, berriz, arriskua beti dago, bista handia eduki beharra dago.

Sokamuturrean ibiltzen den jendeak asko eskatzen al du?

Zezena nahi dute; behirik edo horrelakorik ez dute nahi. Bakoitzak bere gustuak ditu.

Azpeitian ordu askoan ibiltzen da zezena, hala diozue ganaduzaleok.

Bai, gehiegi ibiltzen da zezena Azpeitian, ordu askoan. Batzuk aspertu egiten dira, baina beste askok segi egiten diote. Atzo ere [herenegun] iluntzeko zortzirak jo, eta halere jendea zebilen sokamuturrean. Gaur [atzo] berdin gertatuko da; bihar [gaur] ere goizean goizetik sokamuturrarekin hasi eta arratsaldean ere jendea ibiliko da.