Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko etxebizitzen zozketan izena emateko epea zabalik

Uztarria.com 2007ko ots. 16a, 20:02
Etxebeltz-Izarran eraikiko dituzten Babes Ofizialeko Etxeen inguruko informazioa jasotzen duen diptikoa.

Etxebeltz-Izarran 320 etxebizitza egingo dituzte, horietatik 208 babes ofizialekoak

Udalbatzarrean babestutako 154 etxe zozkatzeko oinarriak onartu dituzte

Etxebeltz-Izarran egingo dituzten babes ofizialeko 154 etxebizitza zozkatzeko oinarriak onartu zituzten EAJ, PSE-EE eta PPk atzo, udalbatzar berezian. EAk kontra bozkatu zuen eta Habea abstenitu egin zen. Behin oinarriak onartuta, babestutako etxeen zozketan sartzeko epea zabalik gelditu da, martxoaren 20a arte. Etxebeltz-Izarrako lur eremuan guztira 320 etxebizitza egingo dituzte. Horietatik 208 babes ofizialekoak izango dira, hemendik hilabete batzuetara 154 zozkatuko dituzte (ekainean edo uztailean, Udalaren aurreikuspenen arabera). Gainontzeko 54ak beranduago zozkatuko dituzte, eta orduan 2006an izandako dirusarrerak hartuko dituzte kontuan. Onartutako oinarriek Etxebidek jarritako araudia jarraituko dute. Julian Eizmendi alkatearen (EAJ) esanetan, nahi baino beranduago egingo dituzte babes ofizialeko etxeak, "baina gure ahalegin nagusia izan da".

Habeak, oinarriak onartu aurretik proposamen bat egin zuen udalbatzarrean: "Azken 15 urtetatik 6tan Azpeitian erroldatuta egotea eskatzen da, baina guk azken 3 urtetan erroldatuta dagoenari aukera ematea proposatzen dugu, aukera berdintasuna ematearren". Alkateak, ordea, oinarriak bere horretan onartzea proposatu zuen.

EAkoek ezezkoa eman zuten oinarriak onartzeko bozketan. "Etxebeltz-Izarrako lur eremurako planari lehen ere ezezkoa eman genion. Orain, gainera, judizializatuta dago, eta dagoen bezala egonda, zozketa egiteko data jartzea ez dugu ondo ikusten. Beraz, bi arrazoi horiengatik ezezkoa ematen dugu", azaldu zuen Manuel Unanuek. Alkateak erantzun zion EAkoei, "etxeak zozkatzeko oinarriak onartu aurretik eman beharreko urratsak emanda daude. Etxebeltz-Izarra gaiaren inguruan eztabaida handia dago eta hau geldiarazteko ahalegina egiten ari dira batzuk. Epaileak arrazoia eman zion Udalari eta aurrera jarraitu dugu. Ezin dugu beste 4-5 urtean zain egon".

OINARRI BATZUK

Laster hasiko dira Etxebeltz-Izarran etxebizitzak eraikitzen. 320 etxe egingo dituzte, 208 babes ofizialekoak (9 mugikortasuna murriztuta dutenentzat). Aurrena 154 etxebizitza zozkatuko dituzte, eta hilabeteetara gainontzeko 54ak. Zozketarako oinarriak Etxebideren araudiaren arabera egin dituzte. 120.000-132.000 euro inguru kostako direla adierazi dute.

Eskaria egiteko

  • Epea. Martxoaren 20a baino lehen egin behar da eskaera.
  • Izena emateko. Azpeitia Lantzenen (Sindikatu Zaharrean dago, 943 157183 telefono zenbakia) martxoaren 19a baino lehen. Gero, handik Etxebidera bidaliko dituzte agiriak. Edota Etxebiden, martxoaren 20a baino lehen.

Betebeharrak

  • Dirusarrerak. Urtean 9.000tik 33.100 eurora. Mugikortasun murriztua dutenek, gutxienez 3.000 euro. Aurrena zozkatuko dituzten etxeetan, 2005eko dirusarrerak hartuko dituzte kontuan.
  • Etxebizitzarik ez. Etxebizitzarik ez izatea Eusko Jaurlaritzaren araudiaren arabera.
  • Erroldatuta. Azken 15 urteetatik 6tan Azpeitian erroldatuta egotea.

Prozedura

  • Izena emateko epea bukatuta. Behin eskaera egiteko epea bukatuta, zerrenda Etxebidera bideratuko dute.
  • Zozketarako zerrenda. Oinarrien arabera eskaera egin dutenen artean onartutakoak zein izan diren erabakiko dute eta zozketarako zerrenda osatuko. 10 eguneko epea zabalduko dute alegazioak egiteko.
  • Zozketa. Ekainean edo uztailean egingo dela aurreikusten dute.