Habeak parte hartuko du Bake Foroan

Uztarria.eus 2007ko ots. 16a, 13:02
Miren Odriozola eta Iñaki Errazkin Habeako ordezkariak, gaur (ostirala), agerraldian.

Ekimena “hankamotz” jaio dela dio ezker abertzaleko plataformak

Udalari "konpromisoak hartzeko" eskatu dio

Habeak jakinarazi duenez, parte hartuko du Bake Foroan. “Gure ekarpenak egingo ditugu eta gure arteko zubiak eta elkarrizketa markoak sendotzen saiatuko gara”, azaldu du Iñaki Errazkin Habeako kideak. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egindako deialditik abiatuta sinatu zuten Jaurlaritzak eta Eudel-ek ekimena. Akordio horren harira, herri pilotu batzuk izendatu dituzt eta horien artean dago Azpeitia.

Ekimenak, hala ere, “gabezia ugari" dituela esan du Habeak. “Hasieratik bertatik hankamotz jaio da. Funtzio eta metodologiak zehaztuta eta itxita datoz hasieratik. Udalean bertan ez da planteamenduaren inguruan ezer adosteko aukerarik izan”, esan du Errazkinek. “Bestalde, ekimena bilera batera mugatuko da. Hortaz, anbiziorik gabeko apustua da. Gainera, bilera horretara jende zehatza deituko dute eta maila irekian deirik ez da egingo”. Ekimena “inkesta moduko bat” dela jakinarazi dute Habeakoek eta horrek prozesuak behar duen bultzadaren tamainari ez diola erantzuten kritikatu dute.

Habeak salatu du “konponbidea bultzatu asmoz herritarren parte hartzerako bideak ireki nahi izan dituzten bakoitzean, ezezko biribila" jaso izan dutela Udaletik. Horren adibide gisa jarri du duela gutxi “500 herritarren sinaduraren babesean, ‘euskaldunon hitza eta erabakia’ aldarrikatuz egin zen mozioari alkateak eman zion erantzun desegokia”.

Horren harira eta prozesu demokratiko bat bultzatzeko, “konpromisoak hartzeko” eskatu dio Habeak Udalari. “Bazterketan oinarritzen den udal honetan 2.027 herritarren eskubideak bermatu eta lapurtuta dituzten zinegotziak bueltatzeko” exijitu dute.

Azpimarratu dute badaudela beste hainbat ekimen martxan eta horiek "askoz izaera eraginkorragoak" dituztela; "Milakabilaka ekimenak eta Ahotsak, hala nola".