Aralar: “Azpeitiko gabezietako bat komun publikoena da”

Uztarria.eus 2007ko ots. 14a, 12:02

“Obretan dauden guneak” proposatu ditu komun publikoak ezartzeko

Azpeitiko Aralarrek prentsa ohar bidez aditzera eman du “herrian dagoen komun publikoen gabezia”. “Herrian bertan komun publiko bakarra daukagu, enparantzan dagoena. Nuarben eta Urrestillan ere badago. Loiolan ere badago nahiz eta basilikaren eraikinean dagoena diputazioarena den eta ordutegi xelebrea daukan” argitu du Miren Garmendia aralarkideak.

“Herritarrekiko begirunea izan eta komun publiko gehiago jartzeko garaia dela” azaldu du Aralarrek. Horren aurrean “obretan dauden guneak” proposatu dituzte komun publikoak eraikitzeko. “Perez Arregi plazan oraindik obretan ari dira. Gune egokia izango litzateke komun publikoentzako. Lurpekoak nahiz bestela, egokia ikusten dugu leku hori” adierazi du Garmendiak. “Epaitegi inguruan ere berriro obretan hasiko dira eta hor ere eraiki daitezke komun publikoak. Sanjuandegin ere premia badagoela uste dugu. Betherramistetan, berriz, komunak egon badaude, baina giltzapean daude, eta pelikula ikustera joaten denak giltza eskatu beharra dauka komunera joateko” azaldu du aralarkideak. Udalari eskatu diote “gauza xume baina garrantzizko horiek kontuan hartzeko”.