Kanpoko igerilekurako arduradun bila

Uztarria.eus 2007ko ots. 13a, 12:02

Azpeitiko Udalak abiatu du lehiaketa

Sorosle, harrera, garbiketa, mantentze lanak eta kantina izango dira bete beharreko ardurak.

Estali gabeko igerilekuaren zerbitzuak betetzeko arduradun bila dabil Azpeitiko Udala. Behar horri erantzun eta arduradunak kontratatu ahal izateko lehiaketa abiarazi du Udalak. Igerilekuaren sorosle, harrera, garbiketa, mantentze lan eta kantina dira arduradunek bete beharreko lanak eta hori, gutxienez, 3 hileko epean bete beharko dute, 2007ko udako sasoian.

Lehiaketaren prozedura irekia izango da. Lehiaketarako aurrekontu oinarria 77.000 eurokoa izango da eta aurkeztu beharreko bermea, berriz, 1.540 eurokoa. Eskaintzak Udaletxeko sarrerako erregistroan aurkeztu beharko dira 16 egun baino lehen. Proposamenak posta bidez ere bidal daitezke. Kasu horretan, postetxeko bulegoan duen data egiaztatu egin beharko da eta egun berean, eskaintzaren bidalketa kontratazio organoari jakinarazi, telegrama edo fax bidez. Lehiaketaren inguruko dokumentazioa eta informazio gehiago jaso nahi izanez gero, hori ere, Udaletxeko sarrerako erregistroan galdetu beharko da.