‘Ezker bidea’ aldarrikatu dute

Uztarria.eus 2007ko ots. 12a, 11:02
Larunbat eguardian bildu ziren ezker abertzaleko hainbat lagun enparantzan.

Azpeitiko Ezker Abertzaleak larunbatean egin zuen agerraldia

“Maiatzeko hauteskundeetan parte hartuko dutela” azaldu dute

Larunbat eguerdian bildu ziren enparantza nagusian ezker abertzaleko 100 lagun inguru eta “Azpeitiko herriari alternatiba bat aurkezteko asmoa” azaldu zuten. “Aukera politiko guztiak ordezkatuta izango dituen Euskal Herri baten beharra” aldarrikatu zuten plazan bildutakoek, “izan ere, ezker abertzalea ordezkatuta ez dagoen Euskal Herria, normalizatu ezingo den Euskal Herri istilutsu eta herren bat izango da”.

Bi asmoren inguruan hitz egin zuten plazan bildutakoek. Lehenengo eta behin, “datorren maiatzeko udal hauteskundeetan ezker abertzaleak parte hartuko duela aldarrikatu nahi dugu; ez dugu inor politikoki umezurtz utziko” azaldu zuten. Bigarrenik, “Azpeitiko Udalerako alternatiba izateko asmoz gatoz. Eskuinak urte gehiegi daramatza Azpeitian agintzen eta, horren aurrean, beste modu bateko Azpeitia posible dela eta behar dela konbentzituta gaude” gaineratu zuten. “Azpeitiko herriari ezkerreko alternatiba abertzalea aurkeztuko diogu datozen hauteskundeetan: gatazkaren konponbidea, emakumeen borroka, etorkinen auzia, gaztediaren lana, kultura eta lan mundua, euskara, presoak, urbanismoa… Hori guztia ezkerretik eraiki nahi dutela” adierazi zuten agerraldian bildutakoek. “Azken finean, denon eskubideen bermea ezkerbidea da” gaineratu zuten.