“Etxeberriaren lan politiko eta soziala aitortu nahi dugu”

Uztarria.eus 2007ko ots. 8a, 18:02
Atzo, asteazkena, Etxeberriaren ingurukoek egindako agerraldia

Azken berria: Garikoitz Etxeberria Martuteneko kartzelatik Galiziara eramango dute (Urola Kostako Hitza) Garikoitz Etxeberria Kaferen ingurukoek agerraldia egin zuten atzo, asteazkena.

Dei egin dute ostiralerako ezker abertzaleak deitutako manifestaziora

Atzo, asteazkena, prentsaurrekoa eman zuten Garikoitz Etxeberria Kaferen senide, lankide, lagun eta hainbat eragiletan berekin lanean aritutako hainbat kidek. Etxeberria Jarrai-Haika-Segi auziko zigortuetatako bat da. Auzitegi Gorenak, "terrorista" izatea leporatuta joan den igandean atxilotu zuen Ertzaintzak. “Etxeberriak egindako lan politiko eta soziala aitortu” nahi izan dute prentsaurrekoan bildutakoek. Horrez gain, “guztiz gaitzesten dugu, interes politiko jakinen arabera, hainbatek Etxeberria “terroristatzat” saldu nahi izatea”. Horrekin batera, “PSOEren errepresioa” eta “EAJren kolaborazionismoa” kritikatu dute. “Horren adibide dira Bilbon, pasa den igandean, izandako atxiloketak. PSOEren agintaritza ikusi zen, batetik, eta PNVek, zintzo-zintzo nola “lan zikina” bete zuen, bestetik”. Bide batez, salatu nahi izan dute azken egunotan “herrian sumatu izan den indar poliziala”, eta horri lotuta, “ezker abertzaleko hainbat kideri egindako jarraipena”.

Bestalde, azken orduko informazioa helarazi dute eta azaldu “ atxilotuak gazteak Euskal Herriko espetxeetatik Espainiako kartzela desberdinetara sakabanatuak izango direla”. Horren aurrean, “argi ikusten dugu, sakabanaketaren aldeko apustua egina dagoela eta horrek guztiak, beste behin ere, sufrimendua eta gatazkaren luzatzea bakarrik ekarriko duela” salatu dute.

“Horren guztiaren gainetik, konponbide demokratiko baten alde” azaldu dira agerraldian bildutakoak eta “elkarrizketarekin sinesten dutela eta hortik akordio baten beharra” ikusten dutela gaineratu dute.

Ostiraleko manifestaziorako deia

Bide batez, “dei egiten diegu herritarrei ostiralerako ezker abertzaleak deitutako manifestazioan parte hartu dezaten. Herritarrak animatu nahi ditugu Garikoitz Etxeberria eta beste gazteek egin duten lan politiko eta soziala aitortzera, gazteen defentsa egitera, eta konponbide demokratiko baten alde bakoitzak bere ekarpena egitera, prozesu honek aurrera egin dezan”.

Atzo atera zuen Espainiako Auzitegi Gorenak Jarrai-Haika-Segi auziaren epaia (Berria.info)