Garikoitz Etxeberria 'Kafe' Martuteneko kartzelan sartu dute preso

Uztarria.eus 2007ko ots. 6a, 11:02

Atzo deitu zuen Etxeberriak kartzelatik

Langraiz, Basauri eta Martuteneko kartzeletan sartu dituzte Jarrai-Haika-Segi auziko gazteak

(Urola Kostako Hitza)

Igandean (otsailak 4) atxilotu osteko lehen gaua eta orduak Martutenen pasatu ditu preso Jarrai-Haika-Segi auzian zigortutako Garikoitz Etxeberria Kafe azpeitiarrak. Atzo, 17:45ak aldera jaso zuten Etxeberriaren deia Martuteneko kartzelatik. "Denbora asko ez digute utzi hitz egiten, baina berak esan digunez atzo goizaldeko 03:00ak aldera eraman zituzten Martuteneko kartzelara". Atzo, arratsaldean, hainbat hedabidek esandakoaren arabera, gazteak Langraiz, Basauri eta Martuteneko kartzeletan zituzten preso.

Atxiloketak

Joan den igandean atxilotu zuen Ertzaintzak, Jarrai Haika Segi auziko Garikoitz Etxeberria Kafe azpeitiarra Bilbon. Kaferekin batera, auzian kondenatutako 18 kide atxilotu zituen Ertzaintzak. Espainiako Auzitegi Gorenak terrorista izendatuta urtarrilaren 19tik Ertzaintza euren bila zebilen eta igandean atxilotu zituzten falta ziren 19 kidetatik 18.

Atxiloketak Bilboko Esperantza frontoian gertatu ziren. Jarrai Haika Segi auziaren kondena jasoa zuten gazteak frontoian bildu ziren Batasunako hainbat ordezkari eta gazteei babesa ematera joan ziren jendearekin batera. Ertzaintza bertaratu da eta banan bana atera zituzten frontoitik.

Gazteek, atxilotuak izan aurretik, prentsaurreko bidez dei egin zuten otsailaren 10ean euskal gazteen eskubideen alde egingo den manifestazioan parte hartzera.

Uztarria herri aldizkariak Etxeberriarekin egindako bi elkarrizketak hemen: I eta II. Urola Kostako Hitza-k egindakoa hemen.