Anaia Garate jaio zeneko ospakizunak hasi dira Loiolan

Urola Kostako Hitza 2007ko ots. 4a, 18:02
Ospakizuneko elizkizuna atzo

Anaia Garateren jaiotetxea, Errekarte baserria, eraberritu egin dute

Laster bisitatzeko moduan izango da

(Urola Kostako Hitza)

Iaz, San Inazioren heriotzaren 450. urteurreneko ospakizunak izan ziren Loiolan. Baina aurten ere badute zer ospatu jesulagunek: batetik, Aita Arruperen mendeurrena ospatuko dute; eta, bestetik, Anaia Garate jaio zeneko 150. urteurrena. Atzo, arratsaldean bertan, Loiolan Anaia Garateren urteurreneko ekitaldiak egin zituzten. Meza, Jose Maria Setien Donostiako gotzai izandakoak eman zuen, beste elizgizon batzuek lagunduta. Mezari doinua Azpeitiko parrokiko abesbatzako ahotsek jarri zioten, Pedro Illarramendiren zuzendaritzapean, eta organoa Maria Dolores Oteizak jo zuen.

Elizkizuna bukatu ostean, Errekarte baserrira joan ziren ospakizun ekitaldiarekin jarraitzeko. Francisco Garate, orain dela 150 urte, 1857ko otsailaren 3an, Loiolako Errekarte baserrian jaio zen, eta urteurrenerako baserria oso-osorik eraberritu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta jesulagunek.

Loiolako jesulagunen erretore Jose Maria Etxeberriaren esanetan, atzo egindako ekitaldiarekin aurtengo ospakizunei hasiera eman diete. "Orain ari gara antolatzen urte honetako ekitaldien edukiak. Era berean, Errekarte baserrian zer jarri ere orain ari gara erabakitzen. Hemendik aste batzuetara edo hilabete batera, Errekarte herritarrek bisitatzeko moduan jarriko dugu", azaldu du Etxeberria Loiolako erretoreak.