Hamaika ikastaro Udaleko Gizartekintzak antolatuta

Urola Kostako Hitza 2007ko ots. 2a, 10:02

Udaleko Gizartekintza sailak urte berriarekin batera ikastaro berrietan parte hartzeko aukera eskaini du

Urtea hastearekin batera, ikastaro berriak antolatu ditu Udaleko Gizartekintza sailak. Baina eskaintza berria bakarrik ez, aurretik martxan daudenetako batzuetan izena emateko aukera ere badago oraindik.

Udalak bi ikastaro berri antolatu ditu: bata, oihalak birziklatzen ikastekoa; eta Pepa Bojok emango duen El poder de lo femenino ikastaroa, bestetik. Azken hau gazteleraz izango da. Gizartekintzakoen esanetan, Bojoren saioek "arrakasta" izan ohi dute: "Azken 4-5 urtetan urtero etorri izan da eta taldeak oso gustura egon dira berarekin. Jendea zain egoten da". Iaz, sexualitateari buruzkoa eman zuen Bojok. Bi ikastaro hauetan izena emateko Udaleko 943 157192 telefonora deitu behar da.

Bestetik, Udalak Kutxarekin batera, arabiar dantzak ikasteko eta sendabelarren ikastaroak antolatu ditu. Bi hauek hil honetan hasiko dira, eta izena emateko 902 540040 telefono zenbakietara deitu behar da.

Baina hainbat ikastaro azarotik martxan dag: "Gitarra, sukaldaritza makrobiotikoa eta antzerkiko ikastaroetan ezin da izenik eman; taldeak osatuta daudelako edo euren jardunarekin aurrera jarraitu behar dutelako". Sukaldaritza makrobiotikoak esaterako "izugarrizko arrakasta" izan du, "ikastaroa hasi eta 15 laguneko bi talde osatu ziren. Orain, beste txanda bat osatu da eta hala ere 8-10 lagun kanpoan gelditu dira".

Chi-Kung ikastaroa ere azaroan hasi zen baina orain izena eman daiteke bertan, 943 150303 telefonora deituta. Urtero antolatu ohi diren eskulanak ikasteko saioetan ere izena eman daiteke.