Aspaldiko "beharra" jada asetuta

Urola Kostako Hitza 2007ko urt. 30a, 10:01
Ikastetxe berriaren inaugurazio ekitaldia.

Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitiaren ikastetxe berria inauguratu dute

(Urola Kostako Hitza)

Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIko ikasleek irailean estreinatu zuten Perdillegiko ikastetxe berria. Inaugurazio ekitaldia, berriz, atzo egin zuten. Ikasleen aurreskuaren eta dantza emanaldien ondoren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Tontxu Camposek inauguratu zituen azpiegitura berriak.

Camposen esanetan, "euskal eskola publiko indartsua eta kalitatezkoa da helburua; bateratzailea eta munduari irekita dagoena". Horretarako, "behar bezalako" azpiegiturak behar direla azpimarratu zuen. Gainera, "hezkuntza proiektu aurrerakoiak" ere izan behar direla nabarmendu zuen:, "Gure herriak aurrera egin badu, proiektu aurrerakoiak egon direlako da".

Julian Eizmendi Azpeitiko alkatearen esanetan, ikastetxe berriak hezkuntzako behar berriei erantzuten die. "Egun hau historikoa da, ikastetxe berri hau egiteko erronka aspaldikoa delako. Gure helburuetako bat, gainera, Azpeitian 0-18 urte artekoentzako hezkuntza publikoa bermatzea izan da".

Aspaldiko urteetan, eta gaur egungo ikastetxe berria eduki arte, Urola Ikastolako batxilergoko ikasleak eraikin batetik bestera ibili direla gogorarazi zuen Juan Ramon Errasti Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitiako zuzendariak: "Ikastetxe berri baten beharra zegoen, kokagune finkorik gabe ibili direlako batxilergokoak; institutu zaharrean, Esklabetan, Perdillegin... Askotan, Lehen Hezkuntzako ikasleekin espazioak eta ordutegiak elkarbanatuz. Okupa tradizio txiki bat badaukagu".

Ikastetxe berriarekin "etapa berri bat" hasten dutela azpimarratu zuen Errastik eta, era berean, ikastetxe berria posible egin dutenei eskerrak eman zizkien: "Langileak, ikasleak eta gurasoak, Azpeitiko Udala eta administrazioa".

Etorkizunari begirako eskaerak ere egin zituen zuzendariak, "ikasle gehiago izanik, baliabide beharrak ere handitzen doazelako". Inauguratu berri den ikastetxea handitzeko eskaera egin zion administrazioari.

Urola Ikastolako Zutoin Guraso Elkarteko zuzendari Angel Geretak ikastetxe berriak "lau urteko atzerapena" izan duela azaldu zuen: "Ikastetxe berriaren jarraipen batzordea 1999ko irailean sortu genuen. Orduan, 2002-2003ko ikasturte hasierarako ikastetxea eginda egongo zela aurreikusten zen. Baina 2004ko urtarrilean hasi ziren institutu zaharraren eraikina botatzen, eta ikastetxe berria eraikitzeko 32 hilabeteko epea jarri zen. 2006-2007ko ikasturtearen hasieran estreinatu dugu ikastetxe berria". Ikastetxe berriarekin gustura daude guraso elkartekoak, "aurrerakoia eta ederra delako". Hala ere, ikastetxeko kirol instalazioak "hobetu eta osatu beharra" dagoela nabarmendu zuten.

Ikastetxearen eraikin berria

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Tontxu Camposek Urola Ikastolaren ikastetxe berriko datuak eman zituen.

Ikasleak. 360 ikasle; horietatik 250 DBHkoak.

Ikastetxe berria. Ikastetxeak 7.640 metro kuadro ditu. Kirol instalazioek 3.150 metro koadro dituzte eta gune berdeek 5.200 metro koadro.

-Gelak. 20 gela, 500 ikaslerentzako tokia.

-Bestelako guneak. Bi gela teknologia tailerrerako; marrazketa gela; administrazio bulegoak; integraziorako bi gela eta bat dibertsifikaziorako; informatikako lau gela; plastika eta ikusentzunekoetarako bi glea; bi musika gela; hiru laborategi; liburutegia; gimnasioa; biltegia; jangela eta sukaldea.

Aurrekontua. 7.275.800 euroko aurrekontua izan du.