Bihar jokatuko dira ‘Emakumea pilotari’ txapelketako finalak

Uztarria.eus | Kirolak
2007ko urt. 26a, 13:01

Izarraitz pilotalekuan izango dira, 16:00retatik aurrera

Txapelketako partidu bat  Argazki originala

Bihar, urtarrilak 27, ‘Emakumea pilotari’ txapelketako finalak jokatuko dira Izarraitz pilotalekuan. Emakumea eta pilota elkar hurbiltzeko ekimen hau, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak sortua da eta hainbat herritako udalen laguntza jaso du, horien artean Azpeitiko Udalarena.

Finalak 16:00retan hasiko dira eta Azpeitia eta Zestoako Nesken Pilota Eskolen arteko txapelketa azkarra jokatuko da lehendabizi. Paletaz jokatuko dute neskek, eta 6 bikoteren arteko partiduak izango dira. Partidu hori bukatu ondoren Gipuzkoako Elkarteen arteko txapelketa eta Kutxa Sariko finala jokatuko da, kadete mailan. Gomazko paletaz izango da eta Hernaniko bi bikotek jokatuko dute elkarren aurka. Horren segidan jokatuko da final nagusia, ‘Emakumea pilotari’ txapelketaren finala. Gomazko paletaz jokatuko dute Jauregi eta Arozenak, Arrondo eta Mendizabalen kontra. Sari banaketa final nagusiaren ondoren izango da eta sariak banatzera agertuko dira Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko lehendakaria den Luis Mari Telleria eta Azpeitiko Kirol Zinegotzia, Candido Mitxelena. Sari banaketaren ostean argazkia aterako da txapelketan parte hartu dutenekin.

Finalerako postua lortu ez badute ere, bi azpeitiarrek sailkapen onak lortu dituzte txapelketan. Oihana Unanue eta Miren Zabalak bigarren urtea dute aurtengoa federatu mailan. Zabalak hirugarren postua lortu du txapelketan eta Unanuek seigarrena, euren bikotekideekin.

Eskolarteko txapelketa paletaz

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 2004an abian jarri zuen ‘Emakumea Pilotari’ egitasmoa. “Harrezkero hainbat ekimen burutu ditugu” azaldu du antolatzaileetako batek. “Eskola kirolean, urtero, ikastetxeetan, neska alebin, infantil eta kadeteei sustapen jarduerak egin dizkiegu eta Nesken Pilota Eskola jarri dugu martxan. 20bat neskak parte hartzen duten eskola horretan”. Aurtengo denboraldian, paleta eskolartekora eramango dute. “Zenbait neskak, eskuzko denboraldia amaitu ondoren, Eskolarteko Paleta Txapelketa jokatuko dute”. Urtez urte “parte hartzea handituz” doala azaldu dute antolatzaileek, “iaz 9 emakume izan ziren paleta ikastaroan, eta aurten, berriz, 16 emakumek parte hartu dute”.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu