Azpeitiko Udalak ere antolatuko du bakearen foroa

Uztarria.com 2007ko urt. 23a, 18:01

Beste hamahiru udalek ere abiatuko aitzindari izan nahi duen egitasmoa

Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek sortutako proiektua da

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Eudelek (-EAEko- Euskal Udalen Elkartea) akordioa sinatu zuten hilaren 10ean, "gizartearen parte-hartzea bultzatzeko, bakea eta normalizazio politikoa eraikitzeko". Barajasko atentatuaren ondoren, "ETAk herriaren ilusioak apurtu ditu berriro", Ibarretxeren eta Eudelen ustez.

Hasiera batean esan zuten 11 udaletan abiatuko dela aitzindari izan nahi duen egitasmoa (Durangon, Gautegiz-Arteagan, Gernika-Lumon, Leioan, Mungian, Azkoitian, Donostian, Bergaran, Tolosan, Amurrion eta Laudion), baina gaur jakin denez, beste hiru udalek ere antolatuko dituzte bake foroak. Horietako bat, Azpeitiko da. Beste biak: Bermeokoa eta Legazpikoa.

Udalaren bake foro bakoitzean hamabost lagunek hartuko dute parte. “Berriro bakearen aukera nola eraiki jakiteko, besteen ideiak entzun nahi ditugu”, esan du gaur Gorka Espiau koordinatzaileak. “Gardena” izango da ekimena eta “denei irekia”.

Otsailean hasiko dira lehen pausoak ematen. Eusko Jaurlaritzak finantzatutako teknikari batzuek plangintza eta metodologia bat egingo dute, eta udalek euren ikusiko dute nola garatu. Gero beste udalek bat egin ahal izango dute ekimenarekin; "ekimenak ez du lurralde aldetik mugarik".

"Aurreko su-etena bukatu zenean amildegira joan ginen. Orain berriro joan behar al dugu?", galdetu zuen hilaren 10ean Ibarretxek. "Amildegira ez joateko, bide bakarra dago: sare sozial indartsua eratu behar dugu eta gizartearen parte-hartzea bideratu, beste aukera bat lantzeko eta lortzeko".