Mikel Ibarzabal: “Oso gustura gelditu gara aurtengo sansebastianez”

Uztarria.eus 2007ko urt. 23a, 16:01

Balorazio positiboa egin dute aurtengo danborradaz Mikel Ibarzabal Udaleko Festa Batzordeko arduradunak eta Iñigo Agirre Izarraitz Txoko talde berriko kideak

“Oso gustura” agertu da Mikel Ibarzabal Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburua San Sebastian festez. Iñigo Agirre Izarraitz Txoko taldeko kideak ere iritzi bera du; danborradan aurreneko aldiz parte hartu duen taldeko kidea da Agirre. “Oso gustura gaude. Lehenengo urte berezia tokatu zaigu, gainera, Izarraitz Txokori, danborradaren 50. urteurrena. Horri esker, bi egunez gozatu ahal izan dugu danborradaz”.

Ibarzabalek ere azaldu du “bi egunetan talde guztiek parte hartu izana oso ondo” joan dela eta “kaleetan ere, aurtengoan, ikusle ugari bildu da bai bezperan, baita San Sebastian egunean ere”. Umeen danborradak alaitu zituen kaleak San Sebastian egunean. Ibarzabalen hitzetan, “umeak ere oso ondo portatu dira bai goizeko danborradan eta baita arratsaldean helduen danborradako hainbat talderekin egin zuten kalejiran ere. Umeei ilusio handia egiten die helduekin danborra jotzen irteteak”.

Lanez lepo ibili direla azaldu die uztarria.com-i Ibarzabalek eta Agirrek. “Neka-neka eginda bukatu dugu festen ondoren”, esan du Ibarzabalek, “baina merezi izan du”. Izarraitz Txokok ere izan zituen lanak. “40 danbor-jole eta kantineren jantziak osatzen nahiko justu ibili gara”, aipatu du Agirrek. “San Sebastian bezpera baino hiru egun lehenago osatu genituen jantzi guztiak. Estu ibili gara aurretik baina, danborradan bertan, taldean oso giro ona izan dugu eta jendeak ere ondo erantzun du”.

Tentsio une batzuk

Balorazio positiboak soilik ez dira gertatu, hala ere. Ibarzabalek “San Sebastian bezperan plazan egon zen tentsioa” aipatu nahi izan du. Hainbat pankarta jarri zituzten plazan, horietako batzuk danbor-jole taldeen artean. “Taldeetatik hainbat kexa jaso ditugu. Pankartekin ibili zirenek taldeen lekua ez zutela errespetatu kexatu dira talde batzuetako zenbait kide”, azaldu du Ibarzabalek.