Gorenaren epaiaren aurka manifestazioa egin dute

Urola Kostako Hitza 2007ko urt. 22a, 10:01

Garikoitz Etxeberria 'Kafe'-ren etxe aurrean izan da asteburuan Ertzaintza, hura etxera noiz itzuliko (Urola Kostako Hitza)

Espainiako Auzitegi Gorenak Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeen inguruan hartutako epaiaren aurka, manifestazioa izan zen atzo (zapatua) arratsaldean, Azpeitiko ezker abertzaleak deituta. Ehunka lagunek herriko plazan elkartuta eman zioten hasiera, Sententzien gainetik gazte ta errebelde! Kafe, herria zurekin! lelopean. Aurretik, autobus batetik pankarta bat eskegi zuten auzipetuei elkartasuna erakutsiz.

Aipatutako erakundeak "talde terrorista" direla ebaztearekin batera, seina urteko kartzela zigorra ezarri diete 23 auzipeturi; horietako bat Garikoitz Etxeberria Kafe azpeitiarra da. Dagoeneko lau dira atxilotutako gazteak: asteazkenean, Iker Frade atxilotu zuten, Bilbon; herenegun, Igor Ortega eta Amaia Arrieta, Donostian; eta atzo, berriz, Olatz Carro, Murgian.

Garikoitz Etxeberriaren bila ere aritu da Ertzaintza. Etxeberriaren gurasoek 'Urola Kostako Hitza'-ri kontatutakoaren arabera, Ertzaintzaren furgoneta bat etxe aurrean itxaroten ari zitzaiola ikusi zuten atzo goizaldean, 01:30ak inguruan, San Sebastian bezperako jai girotik erretiratu zirenean. Etxean sartu eta ertzainak noiz etorriko itxaroten egon zirela azaldu du auzipetuaren amak. Etortzen ez zirela ikusirik, lotaratu egin ziren. Ordu batzuk geroago, 04:00ak eta 04:30ak bitartean, txirrina jo eta ea Garikoitz Etxeberria etxean al zegoen galdu zieten ertzainek, gurasoek ezetz erantzunez. Segidan, ea bazekiten non zegoen galdetu zien, eta gurasoek ez zekitela. Furgoneta hartu eta ingurutik alde egin zuten.