Garikoitz Etxeberria atxilotzeko agindua eman dute, Jarrai, Haika eta Segi "talde terrorista" direla erabaki duelako Auzitegi Gorenak

Uztarria 2007ko urt. 19a, 14:01
Garikoitz Etxeberria 'Kafe' azpeitiarra.

Sei urteko kartzela zigorra ezarri dio; beste 22 kideri ere bai

Kafe azpeitiarra aurretik lau urtean eduki zuten espetxean, 2001etik

Azkeneko albistea (urtarrilak 22, 17:35). Nazioarteko atxilotze agindua eman dute

Espainiako Auzitegi Gorenak gaur erabaki du Jarrai, Haika eta Segi "talde terrorista" direla. 23 kideri seina urteko kartzela zigorra ezarri die eta atxilotzeko agindua eman dute dagoeneko. 23 kide haien artean dago Garikoitz Etxeberria Kafe Haika taldeko kide ohi azpeitiarra.

Estua izan da Gorenaren bozketa, hiru magistratu erabaki horren alde azaldu direlako eta bi kontra.

Defentsak orain Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea sartzeko aukera du; hori tramitera onartuko balitz, zigorra behin-behinean ez gauzatzea eskatzeko aukera luke. 23 kide haietatik 20 kide aurretik gutxienez hiru urtean egon zirenez kartzelan auzi honegatik (Etxeberria lau urtean), auzitegi horrek suspentsioan utzi dezake haiek kartzelan sartzeko agindua, auzitegiak berak balizko babes helegiteari buruzko erabakia hartu arte.

Hain zuzen, 23 haietako zortzik dagoeneko lau urte egin dituzte preso kasu beragatik -aurreko epaiaren aurretik; gazte erakundeen kontrako polizi operazioa 2001eko martxoan izan zen-. 12 kide hiruna urtez egon ziren preso, eta besteak hamabost egun eta urtebete pasatxo artean.

Espainiako Auzitegi Nazionalak 2005eko ekainean esan zuen "legez kanpoko" erakunde zirela. 24 lagun epaitu zituzten, eta bi eta hiru urte eta erdi bitarteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten. Etxeberria lau urtez eduki zuten espetxean, epaiketa baino lehenago atxilotu zuelako (2001eko martxoan), Espainiako Poliziak, etxean. 2005eko martxoaren 4an atera zuten kartzelatik. Alcala-Mecon (Espainia) egon zen preso, Azpeititik 500 kilometrora.

Duela bi urteko epai haren ondoren, Espainiako Fiskaltzak eta AVTk helegitea sartu zuten, Jarrai, Haika eta Segi "talde terrorista" direla eskatuz, eta gazte erakundeetako kideei 10 eta 15 urte arteko kartzela zigorra eskatuz. Auzitegi Gorena 2005eko epaia aztertzen aritu da azkeneko asteetan, eta gaur arrazoia eman die Fiskaltzari eta AVTri.

Auzipetuak 24 ziren baina zigorra 23ri ezarri die, Egoitz Lopez de la Calle libre utzi duelako, "erakundeetako zuzendaritzako kide ez zelako".

Gorenaren erabakiak beste auzi batzuetan eragina izan dezake (18/98n, HB-EH-Batasunan, Aministiaren Aldeko Batzordeak-Askatasunan, Udalbiltzan...), jurisprudentzia ezarri duelako.

Zigortuak

Hauek dira Espainiako Auzitegi Gorenak seina urteko kartzelara zigortu dituen 23 euskal herritarrak:

-Xabier Abasolo.

-Amaia Arrieta.

-Gorka Betolaza.

-Garazi Biteri.

-Aiboa Casares.

-Olatz Carro.

-Igor Chillon.

-Olatz Dañobeitia.

-Garikoitz Etxeberria.

-Ugaitz Elizaran.

-Aiora Epelde.

-Ainara Frade.

-Iker Frade.

-Gartzen Garaio.

-Xabier Gojenola.

-Unai Gonzalez.

-Asier Iñigo.

-David Lizarralde.

-Arkaitz Martinez de Albeniz.

-Ibon Meñika.

-Asier Otxoa de Retama.

-Jon Markel Ormazabal.

-Igor Ortega.

Ostiraleko manifestazioa

Joan den urtarrilaren 12an, ostirala, Segik manifestazioa deitu zuen Azpeitian Jarrai-Haika-Segi auziko epaiketa salatzeko. Prentsa ohar bidez, pasa den urtarrilaren 12ko manifestazioan sortutako istiluen aurrean, Segik "Ertzaintzaren jarrera gogor salatu" du. "Ertzaintzak bortizki oztopatu zuen manifestazioa, gazteak modu erasokorrean bultzatu eta kolpatuz" azaldu du Segi gazte erakundeak. Horren harira, EAJren jarrera salatu nahi izan dute, "Espainiako Gobernua euskal gazteria epaitzen ari den bitartean, EAJ bere babesa" ematen ari zaiolako.

Azkeneko albistea (urtarrilak 22, 17:35). Nazioarteko atxilotze agindua eman dute. Espainiako Auzitegi Nazionalak Haika-Segi auziko 19 gazte atxilotzeko nazioarteko agindua eman du; tartean, Garikoitz Etxeberria atxilotzeko. Larunbatean eman zuen agindua eta gaur (astelehena) jakinarazi dute.

Espainiako Auzitegi Gorenak ostiralean Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeak "talde terrorista" bezala jo zituen, eta 23 kideri seina urteko kartzela zigorra ezarri zien. Oraingoz, segurtasun indarrek 23 haietatik lau atxilotu dituzte: Iker Frade, Igor Ortega, Amaia Arrieta eta Olatz Carro. Besteen bila aritu dira, baina ez dituzte aurkitu. Horregatik eman dute nazioarteko agindua.