Azpeitikoa aurrena euskal udalen hizkuntza politikaren azterketan

Uztarria 2007ko urt. 18a, 19:01

Kontseiluak Euskal Herriko 66 herri eta hiritako udalen hizkuntza politikak aztertu ditu eta gaur aurkeztu du neurketa

Azpeitiko Udalak hamarretik 6,82ko puntuazioa lortu du; Hazparnekoak 0,21ekoa baino ez

Kontseiluak Euskal Herriko 66 herri eta hiritako udalen hizkuntza politikak aztertu ditu —Euskal Herriko bi milioi herritarri eragiten dioten hizkuntza politikak dira—, eta haien artean Azpeitiko Udala dago aurreneko tokian, berak lortu dituelako punturik gehien: hamarretik 6,82ko batez bestea. Kontseiluak ezarritako sailkapen motan, "7 puntuko mugatik gora koka liteke euskara lehenesteko politika sistematikoa”. Azpeitiko Udala iristear geratu da, denetan lehena izan arren.

Azpeitikoaren ondoren, Lekeitioko Udala dago (6,58), hirugarren tokian Oñatikoa (6,54), laugarren Tolosakoa (6,48), bosgarren Bergarakoa (6,35). Azkoitikoa 15. tokian dago (5,20). Zestoakoa ez zuten neurtu. Hazparnekoa bai —Hazparne herria Azpeitiarekin senidetuta 80ko hamarkada erdialdetik— eta azterketako 66 udaletatik 64. tokian dago, 0,21 punturekin baino ez. Hazparneko alkatea, Jacques Coumet da, UMP alderdikoa, eta ez du euskara batere maite. “Coumet izan daiteke ez Ipar Euskal Herriko, baizik eta Euskal Herri osoko auzapezik kontserbadoreenetakoa”, esan izan dute Hazparneko Ikastolako gurasoek. Hazparnekoaren atzetik, 65. Baionako Udala (0,002) eta Tuterakoa (0) daude Kontseiluaren azterketan.

Hamar atal

Hain zuzen, gaur (osteguna) aurkeztu du Kontseiluak udal neurketa. Udalen barruan euskarak hamar ataletan duen garrantzia aztertu du: .
-Erabaki orokorrak.
-Hizkuntza paisaia.
-Udal langileak.
-Udalaren komunikazioa.
-Beste zerbitzuak eta azpikontratak.
-Udalaren kultur ekintzak.
-0-3 urte arteko hezkuntza.
-Euskalgintza.
-Merkataritza eta lan mundua.
-Kirola eta aisia.

Azpeitiko Udalak zergatik lortu puntu gehien? Besteak beste, udaleko atal guztiak euskaraz aritzeko gai delako; komunikazioetan eta hizkuntza paisaian euskararen erabilera nabarmentzea onartu duelako; langile berriak euskaldunak izateko erabakia hartu duelako; eta haur eta helduei kirol nagusietan euskaraz aritzeko aukera ziurtatzen dielako. Hala ere, Kontseiluak zenbait hutsune aipatu ditu: zenbait komunikaziotan, euskararen aldeko bereizketa egin beharrean, euskara eta gaztelania parean ageri direla; eta euskaltegi publikoak ez direnei emandako diru laguntzek “huts egiten” dutela.

Denera 55 galderako galdetegia prestatu dute hamar atal horietan euskarak duen garrantzia neurtzeko. Euskara zinegotzien, zinegotzi ohien, euskara teknikarien, euskalgintzako adituen eta soziologoen laguntza jaso zuten galdetegia prestatzeko. Euskalgintzako 150 bat laguntzailek erantzun zituzten galdetegiak, 2005eko azarotik iazko otsailera bitartean; 150 laguntzaile haien artean aritu ziren Uztarria Kultur Koordinakundeko Euskara arlokoak. Emaitzak kontrastatzeko asmoz, hainbat erabakiri eta baliabideri buruzko galderen erantzunak bidali zizkieten alkateei.

“Funtsezkoak dira udalen hizkuntza politikak”

Kontseiluaren ustez, udalerrien hizkuntza politika “funtsezkoa da euskararen normalizazioan aurrera egiteko”. Izan ere, “udalek ere badute herria euskalduntzeko boterea eta erantzukizuna. Praktikan jartzen dituzten politikak ezinbestekoak dira herrian euskara erabiltzeko aukerak emateko eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko”.

.66 udaletatik heren batek ez dauka euskara plan orokorra. Hori “bereziki esanguratsua” da Kontseiluarentzat. Bestetik, udalen erdiek ez daukate euskara ordenantzarik. Ez dira horiek Azpeitiko kasuak.