Hamaika Bertute, bertsolari kolektibo berria

Uztarria.eus 2007ko urt. 18a, 12:01

Baliabide urriak dituzten antolatzaileei saioak antolatzea erraztuko die

Jokin Uranga bertako kidea da; "bertsotan gehiago egiteko gogoz sortu dugu kolektiboa"

Hamaika Bertute taldea sortu dute hainbat bertsolarik. Ekimenarekin, bertsolariek saio gehiago egiteko aukera izango dute, batetik, eta bestetik, antolatzaileek ere —baliabide urriak dituzten antolatzaileek gehienbat— eskuragarriago izango dituzte bertsolariak. Oraingoz 35 bertsolarik osatzen dute Hamaika Bertute kolektiboa eta horien artean da Jokin Uranga. Urangak uztarria.com-i esan dionez, “gazte batzuen ideia izan da kolektiboarena. Bazeuden hainbat gazte plaza gutxitan agertzen zirenak, elkartu eta bertsotan gehiago egiteko gogoz sortu dugu kolektiboa”.

Hamaika Bertute taldeak euskal herrietako festetan —batez ere, baliabide ekonomikoen aldetik urri ibili ohi diren herrietan— parte hartzeko aukera emango die kolektiboko kideei. Kolektibo horren eskuko telefonora deituta edo e-postara idatzita, nahi adina bertsolari kontratatu ahal izango dira, “bertsolariko eta saioko 25 euro ordaintzearen truke” azaldu du Urangak. Antolatzaileak proposatu ditzake saiorako nahi lituzkeen bertsolarien izenak, baina, Urangak azaldu digunez, “Hamaika Bertutek erabakiko du parte hartuko direnak zein izango diren”. Horrela, kolektiboko kide guztiei antzeko saio kopuruan parte hartzeko aukera ematen saiatuko da Hamaika Bertute.

Larunbatean aurkeztu zuten Hamaika Bertute. Donostiako Parte Zaharrean ospatu zen Hamaika Bertute egunean izan zen eta festa giroko hainbat ekitaldi egin zituzten.