Mireia Epeldek profesionaletara jauzia eman du

Urola Kostako Hitza 2007ko urt. 16a, 10:01

Txirrindulari azpeitiarrak denboraldi baterako sinatu du Bizkaia-Panda SW-Durango taldearekin (Urola Kostako Hitza)

Mireia Epeldek (Azpeitia, 1985) txirrindularitza profesionalera jauzia egin du. Bada, Bizkaia-Panda SW-Durango txirrindularitza taldearekin kontratua sinatu du denboraldi baterako. «Abenduan, Gabon inguruan egin zidaten eskaintza eta orduan sinatu nuen kontratua. Gustura nago», dio Epeldek.

Aurreko denboraldian Elite mailan jardun zuen Bizkaiko Fonorte taldean, baina Bizkaia taldearekin ere korritu zuen. «Karrera batzuek Bizkaiarekin egin nituen, Fonortek utzita. Gustura ibili nintzen eta profesionaletara pasatzeko itxaropena banuen, baina ez nuen espero aurten izatea. Izan ere, aurreko denboraldian eroriko bat izan eta pitzatua egin nuen. Abuztua arte ez nuen ezer egin. Baina beti izan behar dira helburu batzuk».

Denboraldi berria prestatzen ere hasi da txirrindulari azpeitiarra, «igerian, lasterkan... hasita nago. Otsailean klasikak hasiko dira eta martxoan beste lasterketa batzuk». Oraindik, ordea, egutegia prestatzeko dute. «UCIk araudia onartu zain gaude eta 15 taldeen artean sartzea espero dugu. Gure zuzendariak hori lortzeko konfiantza du, Bizkaia txirrindularitza taldea ezaguna baita Esaterako, Joane Somarribak bi urtez korritu zuen bertan».

Profesionaletara pasatzea lortu du, baina orain bizikleta gainean «erakutsi» beharra daukala dio Epeldek: «Orain entrenatu eta ordu gehiago sartu beharko ditut».