‘Azpeitiko danborradak’ liburua aurkeztu dute

uztarrria.com 2007ko urt. 15a, 13:01

Herriko danborradaren 50 urteak jasotzen ditu

Jendetza bildu zen larunbatean Izarraitz pilotalekuko jaialdian

Jaialdiko bideo bat eta 10 argazki bildu ditugu webgunean.

Lehen danborrada 1957ko urtarrilaren 19an egin zuten. Zezilio Arabaolaza eta Baltasar Iglesias apaiz donostiarrek bultzatu zuten, eta Oargi elkarteak antolatu zuen. Euri asko egin zuen lehen aldi hartan, eta jende gutxi bildu zen kaleetan. Harrezkero, istorio eta bitxikeria ugari izan ditu Azpeitiko danborradak. Istorio horiek jaso ditu Azpeitiko danborradak liburuan Txakel etxeak. Larunbatean izan zen aurkezpen ekitaldia.

Jendetza bildu zen Azpeitiko danborradaren 50.urteurrena aitzakia hartuta egin zen jaialdian. Izarraitz Pilotalekua danbor-jolez bete zen. Herriko danbor-joleez gain, danborrada egiten duten Gipuzkoako 36 herritako ordezkariak ere bertan bildu ziren. Elkarrekin jo zituzten hainbat doinu. Danbor hotsez tartekatuta danborradak bizi izandako 50 urte luzeetako istorio eta pertsonaiak gogora ekarri zituzten bideo eta elkarrizketen bidez.

'Azpeitiko danborradak¡

Bukaera aldean aurkeztu zuten Azpeitiko danborradak liburua. "Danborrada herriarena da, hori dela-eta herria bera da liburuko protagonista", azaldu du Joxe Mari Azpiazu liburuaren egileetako batek. Liburuaren lehenengo atalak, elkarteetako hainbat kideren idatziak jasotzen ditu. Bigarren atalean, 50 urte hauetan danborradan parte hartu duten taldeen eta karrozen argazkiak daude. Eta, hirugarren atalak, Azpeitiko danborradaren historia jasotzen du, 1957. urtetik hona.

Liburuak CD bat dakar berekin; Jose Luis Frantsesenak danborradarako egokitu eta sortu dituen piezak daude jasota bertan.

Txakel etxeak argitaratu du liburua, eta Corrugados enpresak eta Azpeitiko Udalak lagundu eta babestu dute. Urtarrilaren 15etik 19ra 10 euroko salneurria du eta Eklipse, Martinez eta Iratzar liburudendetan dago salgai. San Sebastian Bezperan, urtarrilaren 19an, gaueko 23:00etatik-01:00etara, eta San Sebastian Egunean, urtarrilaren 20an, eguardiko 12:30etatik-14:30etara Udaletxe azpian erosteko aukera izango da. Liburua, datorren astetik aurrera 15 eurotan ohizko liburudendatan salgai egongo da.

Salmentarekin lortutako dirua herrian beharra duten erakunde eta elkarteei banatuko diete.

Jaialdiko irudiekin bilduma osatu dugu uztarria.com-en

Zapiak balkoietan

Etxeetako balkoietan zintzilikatzeko danborradako zapiak aterako dira aurten lehenengoz. Gauetako entseguetan danborjolei banatuko zaie, haien etxeetako balkoietan jartzeko. Bestalde, herritarrentzat salgai jarriko dira 2 euroren truke udaletxeko arkupetan San Sebastian Bezpera baino lehen.