Pertsonak maitatu, maitatu behar bada!

Pako Aristi (idazlea) 2007ko urt. 15a, 12:01

Berria egunkarian idatzi zuen igandean iritzi artikulua

Azpeitian ikusi dut, baina beste edozein herritan gertatzen da. Autobus bat erre zuten, eta hurrengo egunetan etengabe entzun nituen gertaera horri buruzko kondenak, akusazioak, aurpegi kezkatuak eta begirada eskandalizatuak. Mota askotako jendearekin ibiltzen naiz, zentzu horretan ez naiz batere itxia, eta uste dut hori euskaldunek gehiago praktikatu beharko luketen kirola dela; PNVko jende asko izaten dut inguruan, ezkerrekoa ere bai. PNVkoengan gaitzespen publikoak entzun nituen; ezkerrekoengan gaitzespentxo pribatuak.

Nire gogora entzun gabeko gaitzespen baten istorioa etorri zen berehala. Garikoitz Etxeberria Uria, Kafe, Azpeitiko gazte bat da, espetxean lau urte egon dena, Jarrai-Haika auzian inputatua. Beste edozein herritan badaukate berea. Aske utzi dute Kafe, besteak bezala, epaiketa egunera arte, baina epaiketan gertatzen dena gertatuta ere, jadanik lau urteko kartzela alferra eta krudela irentsi behar izan du Kafek. PNVkoengan ez dut entzun gaitzespenik, ez publiko ez pribaturik, pertsona bati, hiritar bati kalte larria eragin dion astakeria judizial horri buruz; informaziorik ere ez zeukaten kasik. Ezkerrekoei entzun dizkiet gaitzespen publikoak, baina pribatuan gutxi; neke nabarmenaren seinale.

Bi ekintza horien atzean dagoen inpultso politikoa ezberdina izan arren, inoiz ez dut onartuko objektuak pertsonen aurretik jartzea. Oso joera arriskutsua da, autoa urratzen badiozu jabea zakur bihurturik hurbiltzen zaizun gizarte batean. Barruraino sustraitua daukadan hezkuntza humanitarioak ez dit onartzen.

Zergatik kezkatzen gara (eta kezkarazten gaituzte) hainbeste objektu bategatik, eta hain gutxi pertsona batengatik? Gizarte honetan, pertsonek gero eta garrantzi txikiagoa daukate, eta objektuek gero eta pisu handiagoa: objektuek, diruak, egitura erraldoiek, autopistek, zementuak. Pertsonak simaurraren pare tratatzen ditugu, eta erakundeak, plangintzak, legeak sakralizatzen ditugu. Beharrean dagoen pertsona bati laguntzeko ezin da lege bat hautsi; baina diru mordoa lapurtzeko lege guztiak hauts litezke, txaloen artean.

Oso gizarte itsusia ari gara bultzatzen, eta niri nazka ematen dit, amorrua. Herrialde aberatsetan objektuekiko lilura da nagusi, eta pertsonekiko erdeinua. Banketxeak, agintarien aurrekontuak, kultur proiektu erraldoiak, soldatarik ikaragarrienak eta irabazirik zentzugabeenak ukiezin bilakatu dira, eta pertsonak batere errespeturik gabe tratatzen dira boterearen partetik, Poliziaren partetik, aginte pixka bat daukan edozeinen eskutik.

Eredu hau bete-betean eta entusiasmo grinatsuz aplikatu du PNVk hemen; hori zen gobernatzeko bere modu autoritarioak behar zuen testuinguru soziala. Inposaketaren bidez, aurkaria errespetatu gabe eta hiritarren iritziak, kontrakoak direnean, entzun ere egin gabe kokatzen dizkigu proiekturik basatienak, abiadura handiko trenarena kasu. Eta beste asko.

Irakurleren batzuk dagoeneko pentsatzen ariko zarete: “Ez ote du Pakok ezer esan behar Madrilgo bonbari buruz?” Ba bai, esango dut. Etorkinak eta langileak hiltzen dituen ETArik ezin dut maite; militarren aurka, indar armatuen aurka jotzen duen borroka borroka armatua deitzen da, baina hiritarrak garbitzen dituen borrokak ez du terrorista beste epitetorik merezi. Sentitzen dut, baina hitzek ez dakite gezurrik esaten.

Lagun batek kontatu dit Patxi Baztarrikak euskara teknikarien bilera batean izan zuen interbentzioa, kritika batzuei erantzunez: “Zeren guk...”, “zeren zuek...” jardun omen zuen bero; alegia, “Gu” horrekin boterean dagoena izendatuz, eta “Zuek” horrekin pagotxatik kanpo daudenak. Denok gara “Gu” Euskal Herrian, boterekoak, kontrakoak, espainolistak eta abertzalerik koherenteenak, denok gara izaki, eta hemen bizi gara, hemen bizi nahi dugu, eta gure ametsak gauzatu, edo gauzatzeko bideak aurkitu.

Arnasa hartzen utzi behar diogu elkarri, itxaropena eman besteari, lagundu, ez oztopatu, begiak gure makro-proiektuetatik jaso, eta pertsona bat ikusten dugunean begien aurrean pertsona ikusi, ez ideia bat, ez alderdi bat, ez manipulatu litekeen morroi bat, ez menderatu litekeen hiritar bat, ez izutu litekeen gixajo bat.