Ostiralean deklaratuko dute Pasaiako segadarekin ustez zerikusia duten bi poliziak

Oarsoaldeko Hitza 2007ko urt. 11a, 16:01

Senide eta lagunek elkarretaratzea deitu dute Donostiako epaitegiaren atarian, 10:00etan (Oarsoaldeko Hitza)

Azkeneko albistea (16:00). Segadaren arduraduna Donostiako Informazio Brigadako burua izan zela esan dute bi polizik.

Bihar berrekingo diote Donostian Pasaiako segadaren auziari. 10:00etatik aurrera, lekuko gisa, orduan Donostiako Polizia Nazionalaren komisario zena eta operazioan parte hartu zuten polizia gorputz bereziaren –GEO bezala ezagunagoak– buru zenak deklaratuko dute. Aldi berean, Pasaiako Segadan hil zituzten Pedro Mari Isart eta Dioni Aizpuru azpeitiarren nahiz Rafael Delas eta Jose Maria Izura iruindarren senide eta lagunek elkarretaratzea deitu dute, 10:00etan ere bai, Donostiako Atotxako epaitegiaren atarian.

Deklaratzen lehena 1984ko martxoaren 22 hartan Donostiako komisario nagusia zena izango da. Ondoren, operazioan parte hartu zuten GEOen buruaren txanda izango da. Deklarazioan, fiskalaz eta epaileaz gain, bi polizien abokatuak eta Miguel Castells herri akusazioaren abokatua eta Santi Gonzalez senideen abokatua izango dira. "Biharkoa aurrerapausoa izan daitekeen arren", esan du Santi Gonzalezek, "haserre gaude, deklarazio hauek egin ahal izateko urtebete baino gehiago borrokan ibili garelako".

Uztarria Aldizkariaren 49. zenbakian, 2004ko martxokoan, hil horretako 20an Pasaiako Sarraskiaren 20. urteurrena zela aitzakia hartuta erreportaia argitaratu zen.

Azkeneko albistea (16:00). Segadaren arduraduna Donostiako Informazio Brigadako burua izan zela deklaratu dute bi poliziek.

Pasaiako segadan Donostiako komisarioa zenak eta operazioan parte hartu zuten GEO Espainiako Poliziaren gorputz bereziko arduradun zenak deklaratu dute gaur. Batek zein besteak ez zutela segadan parte hart deklaratu dute, baina agertu dute zein izan zen segadaren arduradun nagusia: Informazio Brigadako Probintziako komisarioa.

Santiago Gonzalez sarraskian kalteatuen abokatua gustura antzera agertu da polizia horien deklarazioek emandakoarekin, segadaren arduradun nagusia nor zen identifikatu izanak auziarekin aurrera jarraitzeko bidea emango dielakoan.

Auzia argi dadila eskatzeko zenbait lagunek elkarretaratzea egin dute epaitegiaren atarian, poliziek deklaratzen zuten bitartean.