Berri agentzien okerra salatu du Garikoitz Etxeberriak

Urola Kostako Hitza 2007ko urt. 10a, 10:01

"Informazioa ziurtatu gabe, zaborra zabaldu dute", dio, Azkainen atxilotua bera izan zela zabaldu zutelako (Urola Kostako Hitza)

Atzo, Frantziako Poliziak bi lagun atxilotu zituen Azkainen, ETAko kide izatea egotzita. Espainiako Barne Ministerioak baieztatu zuenez, Asier Larrinaga Rodriguez bilbotarra eta Garikoitz Etxebarria Goikoetxea lizartzarra dira atxilotuak. Baina Espainiako zenbait berri agentziak eta hedabidek atzo eguerdi artean gaizki eman zuten datua. Atxilotutako Garikoitz Etxebarria Goikoetxearen eta Garikoitz Etxeberria Uria Kafe azpeitiarraren nortasunak nahastu egin zituzten.

Eguerdi arte, eta 15:00ak ingurura arte ere bai bakarren batek, Jarrai-Haika auzian auzipetu eta kartzelan egondako azpeitiarraren izena eta argazkia erakusten jardun zuten. "Oraingo honetan hedabideek ez dute informazio poliziala erabili, beste behin ere komunikabideak izan dira berria eta datuak kontrastatu gabe zaborra zabaldu dutenak", esan du haserre Garikoitz Etxeberria azpeitiarrak.

Hedabideek datu okerra zabaltzen ari ziren bitartean, azpeitiarra lantokian lanean ari zen. "Batzuek okerra zuzentzen ez zutela ikusita, nik neuk jardun behar izan dut hedabideetara deika", kontatzen zuen atzo arratsaldean. Abokatuarekin ere hitz egin zuen Etxeberriak eta atzo behintzat, ez zuen salaketarik jarri.