Ihintza Agirretxe: “Uste baino hobeto heldu diogu Zine Klubari”

Uztarria.eus 2007ko urt. 9a, 14:01
Lehen urteak. Zine Klubaren lehen urteetan, Soreasu zinema aretoa bete egiten zen.

Kide berriz osatuta dator aurten Zine Kluba

Ostiral honetan eskainiko dute urteko lehen filma: Grizzly Man

Kide berriz osatuta dator aurten Zine Kluba. Ihintza Agirretxe da testigua hartu duen kide horietako bat eta berak azaldu digunez "uste baino hobea izan da hasiera". Lehengo kideek udara aurretik utzi zioten Zine Klubeko kide izateari eta Klubaren jarraipena kolokan gelditu zen. "Askok 25 urtetik gora zeramatzaten Zine Klubean. Nire koadrilakoa da kide horietako baten alaba eta Klubari jarraipena eman behar geniola ikusi genuen" azaldu du Ihintzak. "Klubarekin jarraitzea ikusi eta berehala bilera irekiak deitu genituen eta erantzun ona jaso genuen". Abenduaren 15ean egin zuten aurkezpen ekitaldia "TransAmerica" pelikularekin eta ondoren etorri zen gabonetako zine zikloa, abenduaren 22tik 29ra, hain justu. Ume zein helduentzako filmak eskaini zituzten.

Aurtengo urteari begira urtarrileko plangintza zehaztuta dutela azaldu digu Ihintzak. Ostiral honetan, eskainiko dute urteko lehenengo pelikula, Grizzly Man.13 urtez hartzekin bizi izandako ekologista da protagonista. Natura eta gizakiaren arteko erlazioari buruz zuzendariak zuen ikuspegi berezia kontatzen da. "Pelikula ez komertzialak aukeratzen saiatzen gara, gizarteko gaiak ikuspegi kritikoz landuta dituztenak gehienbat" azaldu du Ihintzak, "baina, hala ere, zine zikloan askotariko gaiak egon" direla gaineratu du.

"Herri honek zinema ikusteko areto baten beharra" duela azpimarratu du Ihintzak emanaldien lekuari dagokionean. Pelikulak ohiko lekuan izango baitira, Betharramistetan eta bi astean behin eskainiko dira.

Zine Kluba, bestalde, "irekita" dagoela esan digu Ihintzak bertan parte hartu nahi duenarentzako. "Bi astean behin Betharramistetan elkartzen gara Zine Klubekoak eta azaldu nahi duenak ateak irekita izango ditu", esan du. Horrez gain bada beste modu bat Zine Kluba laguntzeko; Ihintzaren esanetan "gu prest gaude jendearen iritziak aditzeko. Film emanaldien hasieran inkestak banatzen dizkiogu jendeari, kanpoko iritziak jaso asmoz". Nahi duenak ostiralean badauka zer ikusi, beraz.