Thailandiar masajeak eta bisuteria, Zapo Txokoko ikastaro berrien artean

Uztarria 2007ko urt. 8a, 09:01

Guztira zazpi ikastaro antolatu ditu Udalak

Urtarrilean hasiko dira gehienak

Udaleko Gazteria sailak egin du 2007ko lehen hiruhilabeterako ikastaroen eskaintza. Zazpi ikastaro izango dira guztira. Makillajea, Capoeira, Taichi-a, sukaldaritzaren hastapenak, eta Eneagrama edo pertsonen arteko harremanen ingurukoa. Horiek guztiak aurreko urteetatik errepikatu direnak, baina aurtengoan badira bi berrikuntza. Bisuteria ikastaroa eta Thailandiar masajea. Gorputz mailako arazoak lantzeaz gain, alderdi mental, espiritual eta emozionalak lantzen ditu Thailandiar masajeak, gorputzak dituen autosedakuntza mekanismoak martxan jartzeko.

Zapo Txokon bertan izango dira ikastaroak, Capoeira eta Pertsonen arteko Harremanen inguruko ikastaroa izan ezik. Capoeira igerilekuko lehen solairuan izango da larunbat goizez, eta Eneagrama, berriz, Aitonenako lehen solairuan izango da, larunbat eta igande goizetan.

San Sebastianen ondoren hasiko dira ikastaro gehienak, urtarrilaren 22tik aurrera, baina bada aurretik hasiko den ikastarorik ere. Pertsonen arteko harremanen gaineko ikastaroa eta Capoeira, esaterako, urtarrilaren 13 eta 14an izango dira eta bertan parte hartu nahi duenak urtarrilaren 10a baino lehen eman beharko du izena. Gainontzeko ikastaroetarako izenemate epea urtarrilaren 19an amaituko da. Izena Zapo Txokora bertara joanda eman daiteke edo baita 943 157161 telefonora deituta ere.