Berriro kontzentrazioa egin dute udaletxe aurrean

Uztarria 2007ko urt. 5a, 14:01
Udal ordezkariak eta herritarrak, plazan, gaur.

Madrilgo atentatuaren aurrean samina erakutsi eta ekintza gaitzetsi dute

Udalak ezker abertzaleari "ekintza terroristetatik aldentzeko eta bere proiektu politiko propioa defendatzeko" eskatu dio

Eusko Jaurlaritzak deitu du gaur (ostirala) ere bilkura, atzo bezala, Diego Armando Estacioren gorpua azaldu dela-eta, eta Azpeitiko Udalak idatzi baten bidez esan du joan den abenduaren 30eko Madrilgo atentatuaren aurrean samina erakutsi eta atentatua gaitzesten duela.

Kaltetutako eta zauritutako herritarrei "babesa, elkartasuna eta adiskidetasuna" adierazi nahi izan die Udalak, eta bereziki Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacioren famili eta ingurukoei.

ETAk giza eskubideen aurka eta erakunde biolento moduan jardunda, "herritarrek demokrazian eta giza eskubideetan oinarritutako gizartea eraikitzeko borondatea mesprezatzen du", Udalaren ustez. Ezker abertzaleari eskatu dio "ekintza terroristetatik aldentzeko, bere proiektu politiko propioa defendatzeko, politikaren bitartez soilik".

Herritarrei dei egin die era aktiboan parte har dezaten bakearen eta normalkuntza politikoaren alde.