'Haika-Segi' auzikoek mobilizatzeko deitu dute

Urola Kostako Hitza 2007ko urt. 5a, 11:01

Garikoitz Etxeberria Kafe herritarra auzipetuta dago; gazte erakundeak "zilegi" direla esan dute Urola Kostako Hitza

Haika-Segi kasuan auzipetutako 24 gazteetatik 13k agerraldia egin zuten atzo Bilbon eta Euskal Herriko gazte mugimenduek "zilegi" izaten jarraitzen duela adierazi zuten. Auzipetutako 13 gazteek salatu dutenez, Espainiako Auzitegi Gorenak "babesa" emango dio Auzitegi Nazionalak euren auzian hartutako erabakiari.

Espainiako Auzitegi Gorenak laster aterako du auzi honetako ebazpena, Haika eta Segi gazte erakundeak ETAren mendeko diren edo ez erabakitzeko. Auzipetutako 24 gaztetatik bat, Garikoitz Etxeberria Kafe azpeitiarra da. Auzi hau dela eta, Etxeberriak behin-behineko lau urteko espetxealdia bete zuen 2001etik 2005a bitartean.

Aurrekaria ezarri

Gazte erakundeetako partaideen ustez, euren kontrako auzia "ez da soilik gazte mugimenduaren aurkakoa, Euskal Herri osoaren aurkakoa baizik", adierazi zuten atzoko agerraldian. Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpena "oso garrantzitsua izan daiteke 18/98 makroprozesuari begira, aurrekaria jar dezakeelako", esan zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalak ez zituen Haika eta Segi "talde terroristatzat" jo, "legez kanpoko" bezala baizik, eta 24 gazteri bi eta hiru urte eta erdi arteko kartzela ezarri zien. Fiskaltzak eta AVTk, baina, helegitea jarri zuten eta hori aztertuko du Auzitegi Gorenak. Lehenagoa zen auziaren ebazpena ematekoa baina urtarrilaren 18ra atzeratu zuen.

Jarrai, Haika eta Segi erakundeetako gazteek mobilizatzeko deia egin dute. Lehenengo mobilizazioa bihar Anoetako Belodromoan egingo den ekitaldia izango da. Gainera, hainbat eragilerekin bilerak egingo dituztela ere iragarri zuten, "etorkizunean ekimen bateratuak egin asmoz".