Hilaren 13an manifestazioa, 'Hitza eta erabakia' lelopean

Uztarria 2007ko urt. 4a, 13:01
Argazkian, prentsaurrekoan.

Azpeitiko lan, emakume eta gazte arloko hainbat kidek deitu dute

"Gure hitzaren indarra baliatu nahi dugu aro politiko berri bati ateak zabaltzeko"

Abenduan zehar, lan munduko hainbat kidek, emakume talde batek eta gazte talde batek ekitaldi bana egin dute Azpeitian, Hitza eta erabakia lelopean —denera 300 bat lagun bildu dira—, eta orain hilaren 13rako manifestazioa deitu dute. "Gure hitzaren indarra baliatu nahi dugu aro politiko berri bati ateak zabaltzeko", esan dute agerraldian. "Protagonismo faltsurik bilatu gabe protagonista izan nahi dugu, eta dezakegun neurrian aurrera egiten lagundu".

Plazatik abiatuko da manifestazioa, 19:00etan, "eta sigla eta elkarte guztietatik aparte, beraien hitza eta erabakiaren ahalmenaz herritarrek egindako manifestazio deialdiaren bozgoragailu izatea nahi genuke. Herritar orori konponbidearen alde bere alea jartzeko aukera eskaini diogu".

Prozesu politikoak "une zailak" bizi dituela diote, "eta ez genuke usteltzen utzi nahi herritarron parte-hartzearen faltagatik, adore ezagatik...".

Sinadura orrialdeak biltzen jardun dute azken asteetan eta udaletxera eramango dituzte, "agintariek Udaletik egin dezaketen ekarpena, aztertu eta martxan jartzera bidean lagungarri izan daitekeelakoan".