Areto futboleko Eguberri Txapelketan azkoitiarrak nagusi

Uztarria 2007ko urt. 4a, 11:01

Hamahirugarren aldiz jokatu zen txapelketa, Iraurgi Ikastetxeak antolatuta

Azkoitiarrek irabazi zuten nesketan eta mutiletan

Hamahirugarren aldiz jokatu da areto futbolean Eguberrietako Txapelketa, Iraurgi Ikastetxeak antolatuta, eta lehengo larunbatean jokatu ziren final-laurdenak. Irabazleak igandeko finalerdietara pasatu ziren.

Nesken aurreneko finalerdia Iraurgi ikastetxeko bi talderen artean jokatu zen, Iraurgi B taldeak 2-0 irabazi zion Iraurgi A taldeari. Bigarren finalerdian Azkoitiko Xabier Munibe 7-3 gailendu zitzaion Zumaiako Maria eta Jose taldeari. Mutiletan, aurreneko finalerdia zestoarrek irabazi zuten Iraurgiren aurka, 0-3ko emaitzarekin. Bigarrengo finalerdia azkoitiarren artean jokatu zen, eta 6-3 irabazi zion Floreagak Xabier Muniberi.

Finalerdiak bukatuta, finalen txanda iritsi zen. Nesketan Xabier Munibeko taldeak 4-0 irabazi zion Iraurgiko taldeari. Mutilen finalean emozioa izan zen eta partida borrokatuaren ondoren, hirunako berdinketarekin bukatu zen Floreaga eta Zestoako herri eskolako mutilen arteko partida. Penalti jaurtiketetan azkoitiarrek gehiago asmatu zuten eta beraiek izan ziren txapeldun.

Jokalari onenaren sariak ere banatu zituzten txapelketaren amaieran. Nesken artean Xabier Munibeko Haizea Ribera izan zen izendatua onena eta mutiletan Floreagako Jon Juaristi.