Azken bertsora heldu da parranda

Urola Kostako Hitza 2006ko abe. 29a, 11:12
Bertsolari gazte ugarik parte hartu du Bertso Parrandan.

Gaur gauean Azpeitiko Gaztetxean jokatuko da Erniarraitzek antolatutako Bertso Parrandaren finala

Xapios eta Mak taldea dira finalera iritsi diren taldeak (Urola Kostako Hitza)

Gaur erabakiko da Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako Bertso Parrandaren txapela zein taldek jantziko duen. Azpeitiko Gaztetxean jokatuko da lehiaketako finala, 23:00etan hasita. Xapios eta Mak taldeak ariko dira aurrez aurre txapelaren bila. Gai jartzaila Aritz Arzallus izango da.

Xabier Azpillaga, Jokin Sudupe Pio eta Silvia Etxanizek osatzen dute Xapios taldea. Mak taldea, berriz, Haritz Etxeberria 'Mini'-k, Ander Urbietak eta Eneko Ibarguren 'Kurku'-k. Finalean, Iosu Oiartzabal Xenpelar ariko da azken honen partez.

Xapios taldeak Jolin taldearen aurka Azkoitian jokatutako finalerdian irabazi zuen finalerako txartela. Mak taldea Errezilen Neskak taldeari irabazita sailkatu zen finalerako.

Erniarratiz Bertsozale Elkartearen esanetan, "aipagarria da aurtengoan azaldu den gazte belaunaldiak erakutsi duen maila". Azkoitian eta Errezilen harrobi emankorra aurkitu du Elkarteak , "bertso eskolak isilean egindako lanaren fruitua".

Hirugarren txapelketa

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak bi urtean behin antolatzen duen taldekako bertso txapelketa berezia da Bertso Parranda. Elkartea 2000 urtean sortu zenetik hiru txapelketa egin dituzte. Saioak tabernetan izaten dira eta bertsolariek eta zaletuek parte hartzen dute bertan. Egundoko giroa sortzen dute saioek eta gero eta ikusle gehiago biltzen dituzte. Azaroan eta abenduan izaten dira saioak, hainbat herritako tabernetan.

Silbia Etxaniz: "Lagunarteko giro polita izan dugu txapelketan"

Lehen Bertso Parranda du Silbia Etxanizek (Azkoitia, 1989) eta gustura dago egindako lanarekin, lagun artean ibili delako eta finalera iritsi delako.

Espero al zenuen finalera iristea?

Ez, guk ondo pasatzera irten genuen, besterik gabe.

Zaila izan al da finalerainoko bidea?

Bertso eskolan egindako lanari eta jardunari esker, ez. Aukera handia zegoen bertso eskolako baten bat finalera heltzeko, jende asko ginen eta.

Lagun arteko giroa nagusitu al da, ala borroka gogorra izan da txapelketan?

Lagunarteko giroa izan dugu. Giro polita izan da, jende asko bildu da eta. Beste urtetan ere izan da jendea baina aurten ikusle gehiago izan da.

Egindako zein saiorekin geratzen zara?

Azpeitiko Mendizaleetan gustura jardun nuen. Lehen kanporaketa han jokatu genuen.

Nola ikusten duzu gaurko finala?

Ez dakit ba. Besteak ere gogor ikusten ditut eta.... Gu animatuta gaude eta nik gogoa badut finala jokatzeko eta ondo pasatzeko.

Urduri al zaude?

Oraindik ez naiz urduri jarri baina bihar (gaurkoagatik) jarriko naiz!

Haritz Etxeberria 'Ministro': "Herrian bertso giroa sortzea lortu du Bertso Parrandak"

Haritz Etxeberria 'Ministro'-k (Azpeitia, 1980) Bertso Parrandaren hiru txapelketetan parte hartu du, eta gaurkoa bere bigarren finala izango da.

Zer balorazio egiten duzu aurtengo lehiaketari begira?

Oso positiboa. Gustura gaude, jendeak erantzun egokia izan duelako eta sistemarekin asmatu dugulako. Tabernak goraino beteta daude eta ikusten da jende berria ateratzen ari dela plazara. Bertso Parrandaren helburuetako bat zen parrandan bertsotan aritzen zirenekin saio batzuk egitea eta herrian bertso giroa sortzea. Eta hori lortu dugu, nahiz eta txapelketa izateak seriotasuna eman dion. Baina hori nahi edo ez nahi gertatzen da.

Urduri?

Oholtzara igo aurretik beti izaten dira nerbioak, gainera hobe izaten da lasaiegi egotea baino pixka bat urduri egotea. Taldeak babesa eta presioa eragiten dizu, baina ez nago urduri momentuz.

Txapelketan egin duzun saiorik onena?

Trintxerakoa.

Nola ikusten duzu gaurko finala?

Nahien, ahal den gogorrena izatea. Denok saio ona egitea eta guk irabaztea nahiko nuke, niri irabaztea gustatzen zait eta, baita kaniketan ere!