Zubiola Kooperatiba 2007an Azkoitira joango da

Urola Kostako Hitza | Ekonomia
2006ko abe. 23a, 12:12

Duela 40 urte sortu zen, eta ordutik Azpeitiko Landeta industriagunean egon da

Urtarrilaren hasieran egingo du aldaketa (Urola Kostako Hitza)

Zubiola Kooperatiba Azkoitira joango da datorren urtearen hasieran; hau da datorren hilean. Azkoitian, Juin-Txiki industrialdean, erosi du lantegi berria, eta orain han lanak egiten ari dira. 'Urola Kostako Hitza'-k jakin duenez, "Zubiola Azpeitian azpiegitura arazoak dituelako joango da Azkoitira".

Zubiola bere jarduna aurrera eramateko leku berri baten bila ibili da: "Azpeitian lantegi edota leku berri baten bila ibili ginen eta ez genuen aurkitu. Horretan ari ginela, Azkoitian gure jardunerako egokia den lantegi bat eskaini ziguten".

Aurten 40 urte

Zubiola Kooperatibak aurten 40 urte bete ditu. Sortu zenetik Azpeitian izan du lantegia, Landetako industriagunean, Gerratxiki kalean. Ebakitzeko erremintak egiten eta banatzen ditu. Gaur egun, 50 langile inguru ditu.

Sorreratik gaur egunera arte, bere jarduna aldatu egin du Zubiolak. Hasieran, egurrerako makineria eta egurra ebakitzeko erremintak egiten zituen. 1985ean, bereziki egurra ebakitzeko erremintak egiten hasi zen. 1990ean, berriz, enpresarako garapen proiektu berri bat egin zuen, Ikerlanekin elkarlanean. 1999an, material berria erabiltzen hasi eta diamante polikristalinozko erremintak garatzen hasi zen.

Kalitateko hainbat ziurtagiri ditu Zubiolak. Azkena, Urrezko Q-a, joan den asteartean jaso zuen Donostian.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu