Aralar: "Utzitako mendien erabilera sustatu nahi dugu"

Urola Kostako Hitza 2006ko abe. 20a, 14:12
Aralarreko kideak atzoko agerraldian.

Urola Kostako Aralarrek, eskualdeko herrietan dauden lurren kalitatearen eta erabileraren ikerketa egitea nahi du

Mankomunitateko mendiak berreskuratzeari behar den garrantzia eman behar zaiola azaldu du Aralarrek (Urola Kostako Hitza)

Urola Kostako Aralar alderdiak landa eremuari dagokionean dituen helburu nagusiak azaltzeko agerraldia egin du Azpeitian. Aralarren helburua landa eremuari dagokionean, "lur eta mendi abandonatuen erabilera jasangarria sustatzea" da. Horren harira, bailarako herrietan dauden lurren kalitatearen eta erabileraren ikerketa egitea proposatzen du alderdiak. Ikerketa honen helburua, lurren katalogo edo inbentario moduko bat egitea litzatekeela azaldu du Andoni Ibarguren eskualdeko arduradunak.

Miren Garmendia Azpeitiko Aralarreko kideak azaldu duenez, "herriz herriko ikerketa zehatza egitea eskatzen dugu". Ikerketa zehatz honi esker, herri bakoitzeko lur publikoen erabilerak zehaztuko dira eta lur berezien zerrenda egitea posible izango da. Bestalde, eskualdeko mendien ikerketa zehatza egitea ere proposatzen dute. "Zeregin honetan, baliabide pribatuak nahiz publikoak erabili beharko dira", dio Garmendiak. Aralarreko kideek malgutasuna eskatzen dute: batetik, lana egiterako orduan baserritarren laguntza bilatzeko; eta, bestetik, lehendik sektorean dabiltzan enpresei ere lana bermatzeko. Azkenik mankomunitateko mendiak berreskuratzeari behar den garrantzia eman behar zaiola azaldu dute. "Ez bakarrik turismoarentzat erakargarria izan dadin, baizik eta ingurumena mantendu nahi badugu berebiziko garrantzia duelako", azpimarratu du Garmendiak.

Aralarreko kideen iritziz, "hauek gure herriarekin dugun kompromisoa eta datozen belaunaldiei itxurazko eskualdea utz diezaiegun hartu ditzazkegun neurri apal batzuk besterik ez dira".