Eneko Etxeberria: "'Egunkaria auzia'-n epaiketa egitea ez litzateke logikoa"

Uztarria 2006ko abe. 19a, 16:12

'Egunkaria'-ko lege arduradunak uste du "erabakia oso garrantzitsua" dela, baina "oso berandu datorrela" azpimarratu du

Azpeitiar abokatua 2003ko urriko operazioan atxilotu egin zuten

Pasatu den astean Miguel Angel Carballo fiskalak Egunkaria auzia artxibatzeko eskatu zuen, "froga faltagatik". Eneko Etxeberria azpeitiarra da eta 'Egunkaria'-ko lege arduraduna; 2003ko urriko operazioan, gainera, atxilotu egin zuten (Mikel Azkune azpeitiar komertziala ere bai, besteren artean). Abokatuak uztarria.com-i esan dio ez litzatekeela logikoa izango epaiketa egitea.

Egunkari auzia-ren inguruan fiskalak hartu duen erabakiak zer garrantzi du?

Erabakia oso garrantzitsua da. Epaiketa batean akusazio indartsuena eta tresna handienak dituena Fiskaltza da. Eta 'Egunkaria auzia'-n orain arte Fiskaltza da parte hartu duen akusazio bakarra. Errealitatean, interbenitu duen bakarra da, gainera: telefonoak pintxatzeko eskatuz, jendea atxilotuz, Egunkaria itxiz... Juan del Olmo epailearekin batera, neurriak babestu dituen akusazio bakarra izanda, fiskalak esatea ez duela akusatuko, ez dagoela deliturik eta artxibatzeko, horrek garrantzi handia du. Oraindik epaiketa egin daiteke, herri akusazioak egitea eskatzen duelako.

Defentsak beti esan duena dio orain fiskalak.

Hala da. Defentsan mantendu diren tesiak Fiskaltzak ere onartu egiten ditu eta, beraz, materialki epaiketa egotea ez litzateke logikoa izango.

Eta kasua artxibatuko balitz azkenean, zer?

Egunkari baten itxieraz hitz egiten ariko ginateke, jendea torturatu dutela, jendea espetxean eduki dutela, inongo funtsik gabe. 'Egunkaria'-ko lege arduradun moduan uste dut egoera horretan kalte ordainak eskatu egingo genituzkeela.

Erabakiaren berri izatean, zer sentitu zenuen?

Alde batetik, poza, oso erabaki garrantzitsua delako. Bestetik, oso berandu datorrela uste dut, hasieratik oso argi zegoelako, eta denok behin eta berriz errepikatu dugun gauza delako. Bestalde, badaude herri honetan urtebete pasa epaiketan dauden beste pertsona batzuk, ‘Egunkaria auziko' oso argudio antzekoekin; ‘Egin’, ‘Ardi beltza’, Joxemi Zumalabe Fundazioa… Erabaki honek horien gain ere eragina izan beharko luke. Horregatik, epaiketa horiek ere bertan behera gelditu beharko lirateke.

Fiskaltzak hartu duen erabakiak Espainiako Gobernuaren jarrera aldaketa suposatzen al du?

Fiskaltzak nolabait Gobernuaren menpe dago, baina Gobernuaren jarrera alde batera lagata, zentzu juridikoa nagusitu dela uste dut. Hala ere, egoera zehatz batean gaude eta pentsatzen dut horrek ere eragina izango duela. Aldaketa politiko bat edo iritzi politiko bat dagoela erabaki honen atzetik? Dudarik gabe, baina lehen eta orain.

Zuen kasuan zertan eragiten du ebaki honek?

Gure kasuan badu eraginik, Fiskaltzak berak eskatu duelako auzia Euskal Autonomi Erdidegoko Auzitegi Gorenari pasatzea. Orduan, kasuak Audientzi Nazionaletik irteten du. Bigarren auzian -ekonomikoan- Fiskaltzak esaten duena da Audientzi Nazionalak ez duela zerikusik horrekin. Auzi ekonomikoan zerbait aztertu behar bada, EAEko Auzitegiak aztertuko duela esaten du. Auzi ekonomikoak oso luzeak eta konplexuak dira.