Abenduaren 20an manifestaziorako deia egin du Azpeitiko Ezker Abertzaleak

Uztarria 2006ko abe. 16a, 12:12
Ezker Abertzalekoak atzo, ostirala, prentsaurrekoa eman zuten.

Manifestazio 19:30ean izango da; autodeterminazioaren alde, baldintza demokratikoak eskatu dituzte

Ezker abertzalekoen ustez, "herri honek baldintza demokratikoak behar ditu prozesua bururaino eramateko"

Autodeterminazioaren alde eta baldintza demokratikoak eskatuz asteazkenean (hilak 20) egingo den manifestaziorako deia egin du Azpeitiko Ezker Abertzaleak. 19:30ean abiatuko da manifestazioa, plazatik. "Guztiok batera, bultzatu dezagun Euskal Herria baldintza demokratikoen alde, autodeterminazioaren alde eta, funtsean, betirako konponbide baten alde", diote.

Ezker abertzalekoek adierazi zutenez, "herri honek baldintza demokratikoak behar ditu prozesua bururaino eramateko. Hala ere, Espainiako eta Frantziako gobernuek baldintza horiek ukatu egin dizkigute errepresio politikoaren bidez". Hori dela eta, "bazterketa politiko gabeko prozesua" eskatzen du ezker abertzaleak: "Prozesua eskubideetan oinarritu behar da, eskubide zibil eta politikoak zapaltzeko errepresio mota guztiak desagertuz".

Ezker abertzalearen esanetan, Azpeitia ere ez da salbuespena: "Eskubide urraketa eta hainbat herritarren aurkako erasoek bere horretan jarraitu dute hilabete hauetan zehar". Horren adibide batzuk ere azaldu zituzten: "Herriko bi gazte Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituak izan eta espetxeratzeko arriskuan egon dira; presoen senide eta lagunek milaka kilometro egiten dituzte astero; Udalean apartheid politikoak ez du etenik izan; Orkatzen miaketa eta Ertzaintzaren oldartzearen lekuko izan gara; herriko beste gazte bat Haika-Segi auzian behin betiko epaiaren mehatxupean darrai; eta Guardia Zibilaren kontrolak areagotu egin dira".