Behin-behinekoz onartu dituzte arau ordezkatzaileak

Urola Kostako Hitza 2006ko abe. 16a, 12:12
Euskal Herria 31-33an 16 etxebizitza egingo dituzte.

Behin betiko onartu aurretik hiru hilabetetarako Jaurlaritzara bidaliko dituzte

Euskal Herria 31-33an 16 etxebizitza berri egingo dituzte (Urola Kostako Hitza)

Udalbatzarrak arau ordezkatzaileak onartu ditu behin-behinekoz, EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin. EA eta Habea, berriz, kontra azaldu dira. Udaleko lehen prozesua bukatu da; hala esan zuen ostegunean udalbatzarrean Julian Eizmendi alkateak (EAJ): "Arauei orain dela hiru hilabete eman genien hasierako onarpena, eta orain berrestea proposatu dugu. Udaleko prozesua bete da, eta orain hiru hilabetetarako Eusko Jaurlaritzara bidaliko dira, eta handik bueltan udalbatzarrean behin betiko onartu beharko dira".

Habeakoek Gipuzkoako Foru Aldundiak arau ordezkatzaileen inguruan egindako zuzenketetaz galdetu zioten alkateari; honek, Foru Aldundiak eskatutakoak zuzenduta daudela esan zien. Esaterako, N-1erako errepidea egitearen proiektua arau ordezkatzaileetatik atera egin dute.

EAk kontra bozkatzeko arrazoiak ere eman zituen: "Oinarrian ez da plangintza eta ordenazio ona. Gainera, arau ordezkatzaileak onartzeko formekin ere ez gaude ados. Alegazioak jaso ondoren presa handia izan da onartzeko orduan".

Habeakoak ere kontra daude; besteak beste, prozedurarekin ez datoz bat : "Arau Ordezkatzaile hauek herritarren parte-hartzerik ez dute izan, eta alegazioekin ditugun desadostasunak azaldu ditugu. Txostenak-eta ez ditugu euskaraz jaso eta hor hizkuntz eskubidearen urraketa gertatu da". Alkateak, txosten teknikoak une honetan euskaraz egiteko ahalmenik ez dagoela esan zien, baina Udala "euskalduntzeko ahaleginak" egiten ari dela diote.

Prozedurari dagokionez, Arau Ordezkatzaileen txostena lau aldiz jendaurrean egon dela azaldu zuen Eizmendik: "Oinarrian hiru alderdien artean desadostasun handia dago. EAJren printzipioak honakoak dira: oreka lortzea, biziberritzea bultzatzea eta ahalik eta lur gutxien berrizendatzea".

Arau ordezkatzaileek datozen urteetan herrian eraikiko diren etxe, gune eta gainontzeko eraikinak arautuko dituzte ditu. Behin betiko onartutakoan berriak hartu beharko ditu aintzat Udalak.

Lehengoez gain, 16 etxebizitza berri

Euskal Herria 31-33an 16 etxebizitza berri egiteko hango bizilagunekin egin duten hitzarmena izan zen ostegunean udalbatzarrean landu zuten beste gaietako bat. EAJk eta PPk hitzarmenaren alde bozkatu zuten eta EA, Habea eta PSE-EE abstenitu egin ziren.

Udalaren eta bizilagunen arteko negoziazio luze baten emaitza dela azaldu zuten. Bi etxebizitza dorreen artean 16 etxebizitza eraikiko dituzte, horietatik 12 tasatuak izango dira (batez beste 165.000 euro balioko dute) eta Udalak kudeatu eta zozkatuko ditu. 80-85 metro koadrokoak izango dira.

Euskal Herria auzoko 31-33an, 88 etxebizitza daude gaur egun, bi dorretan banatuta. Etxaurrea egoera oso kaskarrean dagoelako konpondu beharra dago. "Etxaurrea konpontzeko aurrekontua handia da, eta horri aurre egiteko solairu artekoan dagoen hutsunean etxebizitzak egiteko asmoa dute", azaldu zuen Julian Eizmendi alkateak udalbatzarrean.

Habeakoei iritzia eskatuz

Damaso auzoko autobus geltokian autobusa erre zutenean, han aparkatuta zegoen kamioi bat ere erre egin zen. Ostegunean, udalbatzarrera kamioiaren jabea, German Alberdi, joan zen eta hitza hartu zuen: "Kamioia erreta kalte handia eragin didate. Esan beharra daukat, Udalak laguntza handia eman didala eta hori eskertu beharrean nago. Baina ezker abertzalekoek ez didate beraien iritzirik azaldu, eta beraien jarrera zein den jakitea nahiko nuke, pertsona bezala zerbait esatea niri", esan zuen Habeakoei zuzenduta.

Habeako IƱaki Errazkinek hartu zuen hitza: "Onartzen dugu, hau esatera etortzea zuretzako ahalegin handia izan dela eta hori eskertzekoa da. Zuk daukazun kezka hori guk ere ulertzen dugu, guk ere gatazkaren ondorioak jasaten ditugu; guk ere sufritzen dugu, eta besteei ere ulertzen diegu. Gure lana une hauetan horrelakoak gainditzeko eta berriro ez gertatzeko lana egitea da".