Eskualde bakoitzean euskarazko telebista bat

Gorka Erostarbe (Berria) 2006ko abe. 7a, 11:12

Urola Kostan ere bai. Eta guztien artean sare bat.

Helburu hori dute Hamaika Telebista Hedatzeko Taldekoek.

Iñaki Uria zuzendari nagusiari elkarrizketa egin diote Berrian

Elkarlana. Kontzeptu hori darabil etengabe ahoan. "Ezinbestekoa" deritzo euskarazko tokian tokiko telebista berriaren erronkari behar bezala heldu ahal izateko.

Esperientzia luzea du euskarazko komunikazioaren munduan Iñaki Uriak (Zarautz, 1960). Susa literatur aldizkarian, Argia-n, Euskaldunon Egunkaria-n edota Euskarazko Komunikazio Taldean (EKT) aritu da, besteak beste, lanean. Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeko zuzendari nagusi da gaur egun. EKT, Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartea, Corporacion Multimedia del Norte, Euskaltel, Elkar eta Bainet enpresak biltzen ditu egitasmo horrek.

Sei enpresa batu zarete Hamaika egitasmoan. Halako aurrekaririk ez da euskarazko ikus-entzunezkoetan. Elkarlana beharrezkoa du euskarak, aurrera egingo badu?

Bai. Hori da, hain zuzen ere, hor bildu garenok egindako gogoeta. Bakarka oso zaila da digitalizazioari eta datorren telebista panorama berriari erantzutea, euskarazko kateak eta euskarazko produktuak eskainiz. Denak elkartuta ere oso zaila izango da, baina askoz hobe gaude elkartuta. Eta, halere, kostako da. Telebista oso medio konplexua da. Segundo bat ekoiztea oso garestia da, eta baliabideak eta finantzaketa bilatzea oso zaila.

Euskarazko tokian tokiko telebista sortzeko ekimena al da Hamaika?

Ez hori bakarrik. Hori ere bada. Hamaikaren lehen erronka da tokiko euskarazko telebista kateak sortzea eta garatzea. Hori, besteren artean, orain aterako delako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan tokiko telebista digitalen lizentzien lehiaketa. Baina, saiatuko gara bai kablearen bidez edo baita Internet bidez egin ahal izango diren gauzak ere begiratzen. Komunikazio talde berri bat sortzeko elkartu gara.

Tokiko telebista digitalak arautzeko Eusko Jaurlaritzak egindako dekretuak ez du bermatzen euskara hutsezko kateak egingo direnik...

Ikusi dugu dekretuaren zirriborrotik dekretura aurrerapen batzuk egon direla. Egia da ez duela bermatzen euskara hutsezko katerik, baina horiek lehenesteko arrazoiak ematen ditu. Proiektuak txukun aurkeztuta eskualde guztietan aukera egongo dela uste dugu euskarazko kateak izateko.

Zer beste berritasun dakartza dekretuak euskarari dagokionez?

Euskarazko emisioen minimo bat eskatzen da leku guztietan: %20 kate pribatuei. Publikoei gehiago eskatuko zaie. Gainera, zirriborroan euskarazko emisioak eskualdeetako euskaldun indizeetara iristeko 10 urteko epea ematen zen; dekretuan, aldiz, 7 urtekoa ematen da. Horrelako hobekuntzatxo batzuk egon dira, nahiz eta euskara hutsezko kateak erabat bermatu gabe dauden oraindik ere.

Indize horiek osatzeko ia-euskaldun direnak ere kontuan hartzen al ditu azkenean dekretuak?

Elebidun kontzeptua darabilte dekretuan, eta esaten dute Eustaten datuen arabera osatuko dutela indizea, baina Eustatek ez du erabiltzen elebidun kontzeptua, baizik eta euskaldun eta ia-euskaldunena. Euskalgintzak egindako eskaera anbiguotasunean geratu da beraz. Elebidunen artean euskaldun hutsak bakarrik hartzen badituzte kontuan, eta ez ia-euskaldunak, segituko dugu pentsatzen ia-euskaldunen kopurua ere kontutan hartu beharko litzatekeela.

Halere, Hamaikak garbi du euskara hutsezko programazioa landuko duela?

Bai, Hamaika euskarazko zereginetara doa, euskara hutsezko telebista eta programazioa eskaintzera. Beste kontu bat da, denborarekin telebista digitalean aukerarik ote dagoen beste hizkuntzetan gauzak egiteko. Egun, gure helburua euskarazko telebista egitea da.

Dekretuak ba al du beste gabeziarik Hamaikaren irudiko?

Euskarazko telebisten egoera asko zailtzen duen beste gai nagusia honakoa da: Espainiako Legeak arautzen du lau ordu eta erdiko produkzio originala eman behar dela egunero. Lau ordu eta erdiko produkzio originala asko da telebistan. Telebista generalistentzat eta autonomikoentzat pentsatua dago hori. Tokiko telebistei hori jartzea asko da. Dekretuak malgutu egiten du arau hori. Esate baterako, esaten du produkzio original horretatik, erdiak, propioa izan behar duela, hau da, telebista bakoitzarena. Hori ere asko da. Gaur egun, Arrasateko Goitb da tokiko euskarazko telebista gehien produzitzen ari dena. Goitb-k ordubete pasatxo besterik ez du ekoizpen propio berria egiten egunero. Ordu eta piko hori egitea oso garesti ateratzen da.

Lehen urratsa Eusko Jaurlaritzak banaturiko lizentziak lortzea izango da. Zenbaterainoko lehia aurreikusten duzue?

Lehia egongo da hiriburuetan, demografia handiko eskualdeetan, eta komertzialki interesgarri direnetan. Eskualde batzuetan apenas inor agertuko den, eta gutxiago euskaraz. Euskal Autonomia Erkidegoa 15 eskualdetan banatu dute, eta bakoitzean lau lizentzia eman ahal izango dira.

2007ko udazkenean emango dituzte lizentziak?

Egutegi azkar samar bat egin da: orain lehiaketa hasiko da, eta gutxi gorabehera Aste Santurako aurkeztu beharko dira proiektuak. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak hilabete batzuk hartuko ditu erantzunak emateko. Uda pasatu ostean jakingo da nork lortu dituen. Gero beste urte eta erdiko epea emango da proiektuak abiarazteko.

Proiektua osatu eta aurkeztu aurretik, zein esparru landu nahi ditu Hamaikak?

Hasita gaude, eskualdez eskualde, euskalgintzarekin eta beste eragileekin hitz egiten. Eskualde bakoitzean (15 eskualdeak) euskarazko telebista bat sortzea, eskualde guztietako telebista horiekin sare bat sortzea da gure helburua. Lehen aipatu ditugun ekoizpen kopuru horiei erantzun ahal izateko guztion arteko sarea antolatzea da aukera bakarra.

Zenbait herritan badaude jada tokian tokiko telebistak. Haiekin lankidetzarik egin nahi al duzue?

Denekin aritu nahi dugu elkarlanean. Telebistarik ez dagoen tokian bertako eragileekin batera sortuko dira telebistak. Kasu batzuetan, hasieran, geuk sortuko ditugu eta gero eragileek parte hartzeko aukera zabaldu. Telebistak dauden tokietan beste horrenbeste. Proiektu bateratuak egiten saiatuko gara. Guztiekin hitz egingo dugu. Gure ustez badaude baldintzak denon arteko sare bat sortzeko, bestela, nor bere kabuz, zaila izango da aurrera egitea.

Telebistan segundo bat emititzea garestia dela esan duzu. Zer finantzabide erabiliko dituzue?

Euskarazko tokian tokiko telebistek finantzabide publikoa erabiltzen dute neurri handi batean. Gure asmoa da ahal den neurrian autofinantzaketa erabiltzea. Horretarako publizitatean lan handia egin behar da. Horrez gain, badaude beste maila batzuetako iturriak: bestelako produkzio lanak egitea, ekoizpen enpresa bezala aritzea. Hori ere jorratuko dugu. Diru turri denak beharko dira.

Programazio ereduari buruz hitz egiteko goizegi ote?

Programazioari buruzko mahai bat antolatzen ari gara. Sektoreko jendea (errealizadoreak, zuzendariak...), egun tokiko telebistetan dagoen jendea eta unibertsitateetako irakasle batzuk osatuko dute mahaia. Eraginkorra, gure ahalbideak kontuan hartuko dituena, eta irekia izan beharko du mahaiak. Azken finean, telebistan dena dago asmatua. Eta askoz diru gehiagorekin dabiltzanak doaz aurretik. Diru gutxirekin ederra nola egin; horra gure apustua.

Dena da asmatua, baina badira telebista eredu ezberdinak. Nondik joko duzue?

Informazioa izango du oinarri nagusietako bat, tokikotasunari heltzeko informazioa giltzarri izango da. Hortik aurrera, gure aukeren barruan dauden gauzak egin beharko ditugu.