Azpeitiko idazleen lanak ere izango dira Durangon

Uztarria 2006ko abe. 5a, 16:12
Aurten 41. edizioa izango du Durangoko Azokak.

Aitor Arana, Alaitz Olaizola, Pako Aristi, Xabi Borda, Miel Angel Elustondo eta Jose Mari Iriondoren lan berrienak izango dira Durangon, besteak beste

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka bihartik abenduaren 10era bitartean egongo da zabalik

Bihartik (asteazkena) hasi eta igandea bitartean Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka ospatuko da. Aurten azokak 41 urte beteko ditu. Guztira, 317 postu prest izango dira euskarazko liburu eta diskoz beteta.

Aurtengo azokako nobedadeen artean, hainbat azpeitiarren lanak aurkitu daitezke. Durangon erosgai izango dira azken egunotan aurkeztu berri dituzten Alaitz Olaizolaren Makinaren denbora 10-12 urteko gaztetxoentzako antzezki obra edota Xabi Bordaren Jotakie, Urolan pop liburua, besteak beste.

Jose Mari Iriondok idatzitako Urrestillako Trikitixa. Auntxa eta Iturbidetarrak liburua edota Miel Angel Elustondo edo Aitor Aranaren hainbat itzulpen lan ere eskuratu ahal izango dira euskal liburu eta disko azokan.

Durangon egongo diren azpeitiarren azken lanen zerrenda:

-Mattin eta Xalbador, besoa sorbalda gainean, Joxe Mari Iriondo eta Antonio Zabala (Gipuzkoako Foru Aldundia).
-Jotakie, Urolan pop, Xabi Borda (Paper Hotsak).
-Azkoitiko bailaretako eskolak, 1824-1977, Joxe Garmendia (Utriusque Vasconiae).
-Urrestillako Trikitixa. Auntxa eta Iturbidetarrak, Joxemari Iriondo (Trikitixa Elkartea).
-Hiltzailea nire baitan, Jim Thompson (itz: Miel Angel Elustondo) (Igela).
-Arrautza Egosiaren Eguna, Antón Dueso (itz: Miel Angel Elustondo).
-Otsoa dator!, Cyril Hahn (itz: Aitor Arana).
-Pigmeo txikia, Emile Jadoul (itz: Aitor Arana).
-Asmatu nor naizen, B. Masini-R.Piumini (itz: Aitor Arana).
-Eragon, Cristopher Paolini (itz: Fernando Morillo).
-Eraztun Ospetsuaren arrastoa, Jordi Sierra i Fabra (itz: Aitor Arana).
-Aingeru, Aitor Arana (Ibaizabal).
-Lurpeko herrixka, Aitor Arana (Ibaizabal).
-Txabola terapeutikoa, Pako Aristi (Elkar).
-Denboraren makina, Alaitz Olaizola (Erein).

Joxe Mari Iriondo: "Euskara debekatua zegoen garai batean euskaraz ikasteko zortea izan genuen"

(Urola Kostako Hitza)

Joxe Mari Iriondo kazetariak (Azpeitia, 1938) igandean Durangoko Elkartegian izango den mahai-inguruan parte hartuko du. Bertan, pasiotarrek Dimako ikastetxean lehen aldiz klaseak ematen hasi zirela 50 urte betetzen direla oroituko dute.

Zein da zure lotura pasiotarrekin?

Orain 50 urte Deustutik Dimara bidali ninduten ikastera eta ni izan nintzen pasiotarrekin ikasten hasi ziren 60 ikasleetako bat.

Zein izango da mahai-inguruaren gaia?

Gehien bat pasiotarrak eta Euskararen inguruan hitz egingo dugu. Jose Mari Larrarte eta Koldo Sarasola izan ziren gure maisuak eta beraiei esker ikasi ahal izan genuen euskara. Horren inguruan hitz egiteko asmoa dugu gehien bat.

Garai horietan euskaraz ikastea pribilegioa al zen?

Garai horretan debekatua zegoen euskaraz ikastea. Guk zortea izan genuen. Gure bi maisuri esker euskaraz ikastea lortu genuen. Horretaz guztiaz hitz egingo dugu mahai-inguruan.

Zein ziren euskarazko ikasgaiak?

Aditz osatua ikasten genuen. Garai horretan ez zegoen euskara baturik eta Sarasolak prestaturiko taulak ikasten genituen. Bizkaiera eta gipuzkoerako aditzak lantzen genituen klasean.

Euskara ikastea borondatezkoa al zen?

Guk derrigorrez ikasi behar genuen euskara, latina bezala zen. Latina gainditzen ez zuenak ikasturtea errepikatu behar zuen eta euskara gainditzen ez zuenak ere bai.

Zer kontatuko duzuen aurreratzea bai?

Nik oraindik garai horretako apunteak gordeak ditut eta Durangora eramateko asmoa dut. Horrez gain mahai-inguruan Gregorio Arrien pasiotarra ere bertan izango da, Antton Mari Aldekoa-Otalorarekin batera.

Liburuak sinatzen egoteko asmorik ba al duzu?

Igandean joango naiz Durangora, baina hitzordu bat dut eta ez dut uste ahal izango dudanik.

Gordeak dituzun proiektuekin jarraitzeko asmoa duzu?

Lana utzi nuen momentutik esan nuen aspaldian gordeak nituen proiektuekin jarraitzeko asmoa nuela. Lana zela-eta irakurri ezin nituen liburuak irakurtzen ari naiz orain eta Basarriren kronikak bilduko dituen liburua prestatzen hari naiz orain. Kronika asko dira eta lan handia dago hor. Horrez gain, Lurdes Iriondoren omenezko liburu bat hilaren amaieran irtetekoa dela esan berri didate. Proiektu ugari ditut egiteko baina oraingoan nire gustukoak direlako egingo ditut.