Telesforo Monzon eta Loiolako euskal miliziak

Uztarria 2006ko abe. 5a, 21:12
‘Llámame Telesforo' liburuaren azala.

Francoren altxamenduaren ondoren, lehen euskal miliziak Azpeitian eratu zirela dio Monzon zenak; "euskal armada eratzeko oinarri izan ziren”

Iñaki Anasagastik 1973an egin zion elkarrizketarekin ‘Llámame Telesforo' liburua argitaratu du

Telesforo Monzon zenaz (1904-1981) liburua atera berri du Iñaki Anasagasti politikariak (‘Llámame Telesforo’, Txalaparta argitaletxea), eta bertan bada Azpeitiari buruzko aipamenik. 1973an Monzoni egin zion elkarrizketa du liburuak oinarri. Frankismo garaian Eusko Gobernuan sailburu izan zen Monzon —besteak beste, Gobernaziokoa, hasieratan—, EAJko kide bezala, eta atzerrira ihes eginda urteak pasatu ondoren, 1973an Donibabe-Lohizunen zen. Hantxe egin zion elkarrizketa Anasagastik —EAJko senataria da gaur egun Madrilen— eta orain berreskuratu du.

Liburuko pasarte batzuk (Uztarriak euskaratuta):

“Francoren altxamenduaren eta Eusko Gobernuaren eraketaren arteko bi hilabeteetan (altxamendua 1936ko uztailaren 18an hasi zuten eta Eusko Gobernua 1936ko urriaren 7an eratu zuten), ahal zen bezala ibili ginen denok. Manuel Irujo eta biok, EAJko ordezkari bezala, ANV, STV, Mendigoizaleekin eta Nekazariekin batera, euskal milizien ordezkari izan ginen. Milizia horiek inprobisatuta sortu ziren eta Loiolako Basilika izan zuten kuartel bezala. Baina armada eratu ahal izateko, armak falta zitzaizkigun eta niri enkargatu zidaten ekartzearen kudeaketa. Behin Bartzelonara joan nintzen eta 500 fusil eta 5.000 kartutxo ekarri nituen. Baina erosketa handia Txekoslovakian egin genuen: 5.000 bat fusil eta bost milioi eta erdi kartutxo”.

“Azpeitira 300 fusiletatik 100 baino ez ziren iritsi, bidean banatu zituztelako besteak”.

“Loiolan sortu ziren euskal miliziak, batailako fronteak Donostiatik kilometro gutxira zeudelako, eta Gipuzkoako Defentsa Batzordearen arreta osoa zuten. Fronteak hautsiz gero eta Gipuzkoa armarik gabe eta bere gazteria instrukzio militarrik gabe egonez gero, ezinezkoa izango zen altxatutako armada gelditzen segitzea. Horiek izan ziren Azpeitiko Komandantzia sortzeko arrazoiak, eta honek Loiolako Santutegian izan zuen egoitza. Euskal gazteriak —borrokatu ez zirenak eta fronteetatik atseden hartzera itzultzen zirenak— Loiolan ikasi zituen instrukzio militarra eta armak erabiltzeko behar zena”.

“Azpeitiko Komandantziak, euskal gazteria prestatzeaz gainera, Gipuzkoako erretaguardi osoan lan bikaina egin zuen. Era guztietako armak bildu zituen”.

“Komandantzia hori izan zen gero Gipuzkoako fronteetan armak banatzeko arduraduna. Etengabe banatu zituen, ondo; bera baino ez zen hori hala egiteko gauza”.

“Euzkadiko Gobernuaren armada eratzeko oinarri izan ziren Loiolako miliziak”.

“Azpeitiko Komandantziak arreta eta maitetasun handiena, Bilbon jaso zuen. Gobernadore zibilak, Defentsako komisarioak, Defentsako Batzordeak eta EAJk nork baino nork arreta handiagoa eskaitzen zieten Azpeitiko Komandantziari eta euskal miliziei, hor ikusten zutelako hurrengo euskal armada”.

“Loiolan, euskal milizien behin-behineko kuarteletan, goizero ‘Jagi-Jagi’-ren musikapean, ikurrina igotzen zuten. Kuarteletako hizkuntza ofiziala, euskara zen”.