Karelean, Euskadi Gazteako irabazle

Urola Kostako Hitza 2006ko abe. 4a, 16:12
Karelean lehenenego zuzenekoak, Zestoako Gaztetxean.

Euskadi Gaztea irratiak urtero antolatzen duen maketa lehiaketan epaileen saria eskuratu du

Musika taldeak, 3.000 euroko diru saria eta CD baten grabaketan parte hartzeko aukera irabazi du (Urola Kostako Hitza)

Larunbatean (hilak 2) izan zen Euskadi Gaztea irratiak antolatutako XVI. Maketa Lehiaketako final handia eta Karelean taldeak epaimahaiaren saria lortu du "estilo eta doinu anitzen nahasketa erdietsi dutelako". Entzuleen saria, berriz, Arbasoa eta Bisai taldeek lortu dute. Karelean taldeko abeslaria Olatz Prat azpeitiarra da.

Guztira 140 talde inguru aurkeztu dira aurtengo maketa lehiaketara eta horietatik lehenengo 36 taldeen artean sailkatu zen Karelean. Joseba Illarramendi taldeko soinu jotzaile zestoarrak azaldu duenez, "frogatzeko bidali genuen gure lana maketa lehiaketara eta ezusteko bat izan da, ezusteko oso handia. Ez genuen horrelakorik espero".

Kareleaneko kideak "oso gustura" daude berria sariarekin, eta ostiralean Azpeitiko Orkatz tabernako zuzenekoa "ezinhobea" izan zela nabarmendu zuten.

Musika taldeak, 3.000 euro jasoko ditu. Gainera, 6.000 euroko aurrekontua dute bideoklip bat grabatzeko. Bestalde, beste bi finalistekin batera CD baten grabazioan parte hartuko dute.

E-Gaztean Olatz Prat taldeko abeslariari egin zioten elkarrizketa entzuteko aukera hemen.