Manoli Urangaren salaketa bikoitza

Uztarria 2006ko abe. 4a, 17:12

Haren bizkartzain batek mehatxuak jaso izana salatu du eta PSE-EEko kideak berak Manuel Unanue kritikatu du udalbatzarrean "hitza mozteagatik"

EAJk eta EAk PSE-EEri erantzun diote mehatxatu denen alde daudela eta Urangari ez diotela egotzi biktimismoa erabili izana

Berriz ere Manoli Uranga PSE-EEko Azpeitiko zinegotziak azalera egin du, berak edo bere inguruak salaketa bikoitza egin duelako: batetik, haren bizkartzain batek salatu du mehatxuak jaso dituela, eta, bestetik, Urangak berak Manuel Unanue EAko zinegotzia kritikatu du, honek azkeneko udalbatzarrean "hitza moztu" egin ziolako.

Lehengo ostiral goizean Uranga zinegotzia udaletxera joan zen, eta udaletxeko atean gelditu zen bere bi bizkartzainetako bat. Han zela, gazte bat inguratu eta "hurrengoak zuek izango zarete", esan zion, bizkartzainak salatu duenez.

Urangak berak, ordea, ez du hitz egin nahi izan Uztarriarekin gai horretaz: "Ni udaletxe barruan nengoen eta, beraz, ez nuen ezer ikusi eta entzun. Ez dut ezer esateko", azaldu du. Hala ere, "salatu behar zuenak (bizkartzainak) mehatxuak salatu zituen Ertzaintzan".

Urangak ostegun gauean udalbatzarrean gertatu zenaz hitz egin nahi du, Manuel Unanuek EAko zinegotziak "moztu" egin ziolako hitzaldia.

Ordukoa 2007ko aurrekontuak onartzeko udalbatzarra zen, baina une batean Urangak bere idatzi bat leitzeko baimena eskatu zuen. Julian Eizmendi alkateak (EAJ) irakurtzeko esan zion eta, irakurtzen hasi eta denbora batera, Unanuek moztu egin zion, esanez aurrekontuez hitz egiten ari zirela udalbatzarrean eta Uranga esaten ari zenak ez zuela zerikusirik gaiarekin. Izan ere, PSE-EEko kideak idatzian, bere etxepean azaldutako pintadak, herri tabernen likidazioa, ETAren su-etena, Zarauzko herriko tabernan aurkitutako ustezko zerrendak... izan zituen hizpide.

"Garbi ikusi zen nork ez zidan utzi nire idatzia irakurtzen eta zer esan zuen moztu ninduenean", adierazi dio Urangak Uztarriari.

Habeak ere agertu zuen kexua. "Gu hasiko bagina beste gai batez hitz egiten, plenoa bukatutzat joko lukete eta gaur (osteguna) ez da halakorik pasatu". Miren Odriozola Habeako kideak Urangari esan zion nahi zuenean hitz egingo dutela indarkeriaren arazoaz, gaia modu globalean hartuta.

Udal gobernuak PSE-EEri erantzuna

Uranga atzo (igandea) PSE-EEren ekitaldi batean izan zen Donostian (Clara Campoamor-en omenaldian) eta han zeudenen txaloak jaso zituen.

Miguel Buen PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusiak babesa eskaini zion, eta Azpeitiko zinegotzi abertzaleei kritika egin zien, "Urangak biktimismoa egiten duela esaten dutelako".

Gaur (astelehena) Azpeitiko EAJk eta EAk osatutako udal gobernuak ukatu egin du halakorik esaten dutenik. "Udala beti egon da mehatxupean egon diren zinegotzien alde, talde batekoak edo bestekoak, edota nazionalista izan edo ez. Eta, bestetik, inoiz ez diogu egotzi Manoli Uranga zinegotzi sozialistari biktimismoa erabili izana".

EAJ eta EAko zinegotziek esan dute "orain arte bezala etorkizunean ere modu sutsuan" defendituko dituztela "guztien giza eskubideak".