Ostiralean hasiko dira Landetako San Eloi Jaiak

Uztarria 2006ko aza. 30a, 11:11
Orain 25 urte Landetako festetan zezena izaten zen.

Auzokoen bazkaria, bertsolariak eta herri kirolak izango dira asteburuan Landetan

Aurten ez da Ardi Txakur Txapelketarik izango

Bihartik igandera bitartean Landetan San Eloi Jaiak ospatuko dituzte. Aurten Landetako festak antolatzen bost lagun ibili direla esan digu Beatriz Mendizabal antolatzaileetako batek. "Ostiraleko bazkariak 35-40 lagun inguru bilduko gara. Urtero, auzoko jatetxe ezberdin batean egiten dugu bazkaria: aurten Landeta jatetxean egingo dugu". Bazkari ondoren, auzoko tabernetan txikiteoa egingo dute bertsolari eta trikitilariekin.

Larunbatean, berriz, Arroita elkartean afaria izango da. "Afaria Sustrai Colina eta Jesus Mari Irazu bertsolariek eta trikitilariek girotuko dute" dio Mendizabalek. Landetako festak bukatzeko, iganderako hainbat ekitaldi prestatu dituzte. 12:00etan auzoko hildako guztien alde meza izango da Esklabetan. Horren ondoren, herri kirolak izango dira Landetan bertan. "Joxe Lizaso eta Joxe Agirre bertsolariak ere bertan izango dira". Festei bukaera emateko, auzoko zaharrenek bazkaria egingo dute Arroita elkartean.

Aurten Ardi Txakur Txapelketarik ez

Duela bi urtetik Ardi Txakur Txapelketa antolatu izan dute Landetako festetan. Aurten, ordea, ez da lehiaketarik izango. "Bi urtean antolatu dugu Ardi Txakurren Txapelketako eta aurten ez antolatzea erabaki dugu. Diru aldetik eskas ibili gara. Nahiz eta txapelketan parte hartzen zutenek ez ziguten kobratzen, ez zigula konpentsatzen erabaki dugu" dio Mendizabalek. Txapelketa ez antolatzearen arrazoi nagusiak, "diru eta jende falta" izan dira.

Egitaraua

Abenduak 1 , ostirala
14:30ean. Auzo Bazkaria Landeta jatetxean soiñujole eta bertsolariekin.

Abenduak 2, larunbata
21:00etan. Bertso afaria Arroita Elkartean. Bertsolariak, Sustrai Colina eta Jesus Mª Irazu izango dira. Soinujoleak, berriz, Felix eta Eguzki.

Abenduak 3, igandea
12:00etan. Esklabetan meza Santua, auzoan hil direnen alde.
12:30ean. Herri Kirolak. Joxe Lizaso eta Jose Luis Gorrotxategi bertsolariak ere bertan izango dira. Jaione eta Jon trikitilariek giroa alaituko dute.
14:00etan. Auzoko Zaharren Bazkaria Arroita elkartean. Jaione eta Jon trikitilariak eta Joxe Lizaso eta Joxe Agirre bertsolariak ere bertan izango dira.