Jotakie, musika talde handi baten "deskubrimendua"

Uztarria-Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 29a, 19:11
Xabi Borda.

Xabier Borda azpeitiarrak ‘Jotakie Urolan pop’ liburua idatzi du

Gaur goizean egin dute liburuaren aurkezpena Bilboko Kafe Antzokian

"Talde handi bat deskubritu dut", dio Xabi Bordak Jotakie Urolan pop (Gaztelupeko Hotsak, 2006) liburuaren idazleak. Gaur goizean aurkeztu dute liburua, Bilboko Kafe Antzokian. "Bere garaian egiten ari zen musika gogor horrekin alderatuta desberdinak ziren. Bereziak, bai musika eta bai letra aldetik. Talde handia deskubritu dut, arrakasta eta salmenta aldetik bigarren mailako talde bat izango zen, baina jarrera aldetik lehenengo mailako taldea izan zen. Besteek rock gogorra egiten zutenean, Jotakiekoek beraiei gustatzen zitzaien musika egin zuten; eta musika espresio moduan ulertuta, ahots propio hori bilatu nahi izatea beti da eskertzekoa", dio Bordak.

Iazko ekainean jaso zuen Xabi Bordak liburua egiteko proposamena Gaztelupeko Hotsak-etik : "Xarrak deitu zidan proposamena egiteko. Neuk nahi nuen musika talderen bat hartu, eta hari buruz liburu bat idatziko al nuen galdetu zidan. Baietz esan nion, musikazalea naizelako. Nik kazetaritzaz ezer ez dakidala esan nion, baina gauzak probatzea gustuko dudalako baiezkoa eman nion".

Proposamena jaso eta gero, zein musika talde hartu pentsatzen hasi zen Borda. "Ni ez naiz Jotakieren zalea izan, liburu hau ez da talde kuttunari egindako gorazarre bat. Baina Jotakiek bazituen gauza interesgarriak: taldea ni neu bezala Urolakoa zen, Azkoiti eta Azpeitikoa. Eta gainera, taldea 1981ean sortu zen, ni neu bezala; ni musika entzuten hasi nintzenerako Jotakierik ez zegoen. Orduan, nire haurtzaroko Azpeiti-Azkoiti ezagutzeko aukera polita iruditu eta Jotakie aukeratu nuen".

.16-17 elkarrizketa

Bordak liburua egiteko, alde batetik dokumentazio lana egin du, gero garaia ezagutu eta Jotakie garaian kokatu du, azkenik Jotakie taldeaz jakin du. "Dokumentazio lana egiten Pello Larrañagak, Jotakien bateria izandakoak, lagundu dit. Dokumento piloa dauka eta utzi egin dit, eta hori eskertzekoa da. Gero, Juan Luis Zabalak garai bateko Gaztetxeko paperak utzi dizkit, Asier Sustaetak bideoak... Azpeiti-Azkoitiko giroa ezagutzeko 16-17 lagun elkarrizketatu ditut: Juan Luis Zabala, Forki, Jabier Goenaga, Atxuiya, Irimo, Anari, Juan Carlos Perez, Txema Zubizarreta, Marino Goñi, eta gero taldekideak. Bai Jotakiekoak eta baita Direccion Obligatoriakoak ere". Idazlearen esanetan, Jotakie Urolan pop liburua ez da bakarrik Jotakieri buruzko liburua, "elkarrizketak egiten hasi eta berehala, Direccion Obligatoria taldearen berri jakin nuen; Jotakietik irtendako bi lagunek sortu zuten. Hori ere deskubrimendua izan da, talde horren berririk ez nuelako eta hauek Jotakie baino poperoagoak ziren gainera".

Lana egin ahala gauzak "deskubritzen" joan da Borda. "Jotakiez neukan oroitzapen bakarra ikastola garaikoa zen, Kriston burrundaie kantatzen genuenekoa. Gero, 2000. urtean atera zuten bilduma ere ezagutzen nuen". Borda, Kriston burrundaie kantatzetik Jotakiez liburua idaztera heldu da.

Xabi Bordaren liburua, Joxi Ubedak idatzitako BAP!! bai, horixe eta Jon Gurrutxagaren Rory Gallagher Kemena eta leialtasuna liburuekin batera sorta batean salduko dute.

Aurten, 20 urte bete dira Jotakie taldearen lehenengo LPa atera zutenetik. Uztarria herri aldizkariak 75. zenbakian erreportajea egin zuen Azpeiti-Azkoitiko taldearen inguruan.