Gorka Karapeto Euskadiko txapeldun

Uztarria 2006ko aza. 28a, 16:11
Gorka Karapeto.

Kirol Eskaladako Txapelketa asteburuan izan zen Gasteizen

Azaroaren 4tik 5era Eskaladako Espainiako Kopa jokatu zen eta Karapeta hirugarren postuan sailkatu zen

Gorka Karapeto: "Euskadiko Txapelketan ni neu ondo sentitzen nintzen eta dena ondo joan da" (Urola Kostako Hitza)

Gorka Karapeto eskalatzaile azpeitiarrak Kirol Eskaladako Euskadiko Txapelketa irabazi du, gizonezkoetan eta senior mailan. Mikel Odriozola zestoarrak, berriz, hirugarren egin du, maila berean. Emakumezkoetan Irati Anda gasteiztarrak irabazi du txapela. Kirol Eskaladako Euskadiko Txapelketa asteburuan jokatu da Gasteizen, Ariznabarran. Hilaren hasieran, 4ean eta 5ean, Kirol Eskaladako Espainiako Kopa jokatu zuten Madrilen (Espainia) eta Gorka Karapetok hirugarren egin zuen, Edu Marinen eta Patxi Usobiagaren atzetik.

Gorka karapeto: "Euskadiko Txapelketan ni neu ondo sentitzen nintzen eta dena ondo joan da"

Gorka Karapeto (Azpeitia, 1981) eskalatzaile azpeitiarra gogor ibili da azken hilabetean, sasoiko. Hilaren hasieran kirol eskaladako Espainiako Kopan hirugarren egin zuen; sailkapen orokorrean, berriz, laugarren. Joan den asteburuan, Gasteizen izandako Euskadiko Txapelketan txapela eskuratu du. Denboraldia bukatzeko hilabete falta zaio eta gustura dago lortu duenarekin.

Asteburuan Euskadiko Txapelketa irabazi duzu. Nola joan da txapelketa?

Larunbatean finalerdiak izan ziren, eta zortzik lortu genuen finalera pasatzea. Finala, igande eguerdian jokatu genuen. Hor bide bat igo behar genuen; ni azkena irten nintzen eta goraino igo nuen bidea. Nire aurretik jardun zutenetatik inork ez zuen bide hori igo eta txapelketa irabaztea lortu nuen. Ondo, gustura nago. Lehen, hiru urtetan egin dut bigarren eta txapela ateratzea posible zela ikusten nuen, eta aurten lortu egin dut. Txapelketa urtean behin izaten da, eta behin huts egiten baduzu... Baina aurten neu ere ondo sentitzen nintzen eta dena ondo joan da.

Orain txapelketak bukatuta zer egiteko asmoa daukazu?

Orain, urtea eta denboraldia bukatu bitartean, haitzean eskalatzen jarraituko dut, normal. Denboraldia bukatzeko hilabete falta zait, eta gogoz eskalatzen jarraituko dut, tartean zerbait irteten bada... ondo. Gabonak pasatu ondoren, atsedena hartuko dut eta urtarrilaren bukaera aldera denboraldi berria prestatzen hasiko naiz.

Negu partean haitzean eskalatzeko aukerarik izaten al duzue?

Bai, bai, beti dago haitzean eskalatzeko aukera. Aurten, gainera, eguraldia eskalatzeko aukera ematen ari da. Benetan gogoa edukiz gero, posible da eskalatzea. Hori bai, gehiago mugitu beharra dago, leku batzuetara ezin da joan bustia dagoelako edota hotz egiten duelako. Baina urte guztian dago eskalatzeko aukera.

Aurtengo denboraldirako jarrita zenituen emaitzak bete al dituzu?

Bai, bai. Haitzean neuzkan helburuak 8C eta 8C+ mailako bideren batzuk egitea zen, eta egin ditut: 8 C mailako bi bide eta 8C+ mailako bide bat, Baltzolan. 8B+eko beste batzuk ere egin ditut, eta bistara 8A+ mailakoak. Txapelketetan, Euskadiko txapelketa irabaztea eta Espainiako txapelketan podium bat egin edota aurrean ibiltzea zen nire helburua. Azkenean, aurtengo helburuak bete ditut. Aurten hobeto prestatu naiz, eta entrenamendu bereziak egin ditut. Dena ondo joan da. Datorren urterako gogo gehiago daukat; ea berriz ere denboraldi on bat prestatzeko aukera daukadan.

Hurrengo denboraldirako helburuak zehaztuta al dauzkazu?

Oraindik datorren denboraldirako helburuak zehazteko dauzkat, baina aurrenengo helburua haitzean bistara bide gogorrak egitea da: 8B zailtasuneko bideak eta 9A batekin hastea. Txapelketetara begira, berriz, aurtengoa hobetzea: Espainiako Txapelketan podium-ean mantentzea, eta hobetzea badago hobe; eta Marbellan (Andaluzia, Espainia) egingo den Munduko Txapelketan parte-hartzea ere nahiko nuke.