Ur gelditan

Joxe Luis Aizpuru 2006ko aza. 25a, 12:11

Joxe Luis Aizpuru azpeitiar kazetariak egoera politikoaz iritzi artikulua egin du Le Journal Ipar Euskal Herriko egunkarian

Zer erran, jadanik erran ez denik, ditxosozko bake prozesuaz? Bake prozesu edo dena delako hau, argi da, ez doala bide zuzenetik: krisi egoera larria bizi duela, eta argi gorri guztiak piztu direla. Hausturaren mamua bolo-bolo dabilkigu burugainetan.

Argi dagoen bigarren kontua da, informazio gutti dugula. Beharbada, horrela behar du izan diskrezioa behar-beharrezkoa baita elkarrizketa prozesu batean, baina beldur naiz herritarrak ez ote diren akitzen hasiak.

Hegoafrikako bake prozesuan, zuzenki, parte hartu zuen Roelf Meyerek berriki erran du, funtsezkoa dela herritarrei informazio ematea, eta horretarako komunikabideen laguntza beharrezkoa dela. Ez dut uste hein berean garenik gure bake prozesu honetan.

Ez da ahantzi behar ere hamar milioi bozka erdietsi zituen Alderdi Popularra, elkarrizketa prozesu honen kontrako amorratua dela, eta horretarako baliatzen dituela egunero bere kordako hedabideak, eta epaileak ere.

Espainiako gobernuak negoziaketa fasea ur gelditan atxikitzea deliberatu du. Asteburuetan gertatzen diren karrika erasoak aitzakitzat hartuz, mementokoz, ez pausurik ematea erabakia du. Zergatik? Eztabaidaren mamia mahai gainean jarri dutelako alde bateko negoziatzaileek: hau da, Euskal Herriak edo Euskal Herriaren zati batek, ba ote du bere geroaz erabakiak hartzeko eskumenik Madrilgo onarpenik gabe? Euskal Herriaren zati bat soberanoa izateko bide legalik onartuko ote du Espainiako gobernuak? Nafarroa eta Euskal Autonomi Erkidegoaren arteko harremanak nolakoa beharko du izan geroan?

Hegoaldeko alderdi politiko oro gai hauetaz eztabaidatzen hasten direnean, ikusiko dugu Madrilgo gobernuak noraino duen soka lasatzeko nahikeria.

Eta Iparraldeaz? Ez dut uste agenda politikoan lehen lerroetan dutenik, geroak erranen.