2006an hamar indarkeri kasu salatu dituzte

Uztarria 2006ko aza. 24a, 18:11

2006an, Udaleko Gizartekintza Sailean 16 indarkeri kasu jaso dituzte: horietatik hamarretan salaketak jarri dituzte

Bihar, larunbata, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta 13:00etan elkarretaratzea egingo dute plazan

Udaleko Gizartekintza sailak jakitera eman duenez, Azpeitian 2006an 16 indarkeri kasu jaso dituzte Udaleko Gizartekintza Sailean. Horietatik, 14 emakumeak izan dira eta bi gizonezkoak. 16 indarkeri kasu horietatik hamarrek jarri dute salaketa epaitegian. Iaz, 10 indarkeri kasu berri salatu jaso ziren Gizartekintzan, eta erdietan salaketak jarri ziren.

Bihar (hilak 25) Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna delako, 13:00etan elkarretaratzea egingo dute herriko plazan Emakumeen aurkako indarkeriarik ez! izenburupean.

Asteartean, berriz, Emakumeen Aurkako Indarkeriarik ez jardunaldien baitan, Azpeitiko Udaleko Gizartekintza Sailak antolatuta Familia barneko bortizkeria egoerak hitzaldia izango da. Hitzaldia, Inma Merinok emango du 15:30ean Sindikatu Zaharrean.

Larunbatean Berria egunkarian Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Maite Segurola azpeitiarraren iritzi hau argitaratu zuten:

Aski da! Gaur, denok kalera

Emakumeok pairatzen dugun indarkeria ez da moda kontua, ezta "burutik eginda" dauden pertsona jakin batzuek izan duten eroaldi bat ere. Ez da gaurko fenomeno bat. Gizon eta emakumeon artean historian zehar iraun duten eta mantentzen diren botere eta menpekotasun harremanek sorturiko gatazkaren ondorio dira.

Gatazka hau, sistema patriarkalak ezarritako engranaje sozialak sortzen duen antolakuntza oso baten erantzuna da. Sistema kapitalistak bizirauteko, ekoizten zein kontsumitzen jarraitzeko, pertsonen lehen mailako beharrak asetzeko sortu duen antolakuntzan giza taldeen mailaketa da: Gizona aberastasuna sortu eta etxeko platerera janaria ekartzen duena, emakumea kontsumitzaileak sortu eta gizon ekoizle zein kontsumitzaile/ekoizle berrien beharrizanak asetzen dituena.

Ondoren, erlijioak eta morala mailaketa honi karga emozional/ etikoa jartzeaz arduratu dira; emakumea gizonaren jabetza eta bere zerbitzurako ezarria dute jainkoek. Esate baterako kristauen sinesmenei jarraituz, Adanen saihets-hezurretik bere bakardadea asetzeko sortua izan zen Eva.

Erlijioa izan da pertsonen jokabideetan onargarri-ez onargarri mugak ezarri dituena. Hortik, orain dela oso gutxi arte emakume bat jipoitzea etxe barruko kontu pribatu eta normaltzat hartua izatea.

Emakumeok gure kontzientzia hartzen joan garen heinean sortu da arazoa. Emakumeok aukera eta eskubide berberak nahi ditugu gure bizia nahi eta behar dugun moduan antolatzeko; aldiz, gizon batzuek ez dute ulertzen nola daitekeen emakumeok meneko izateari uztea.

Hau da, finean, emakumeon kontrako indarkeriarekin amaitzeko lortu beharrekoa, pertsonen arteko harreman bidezkoetan oinarrituko den jendarte antolakuntza, eta Euskal Herriak erronka handi bat du eraldakuntza honetan. Parekidetasunerako bidea egiteko gizabanako bakoitzaren barnetik, ohitura eta posturen azterketatik hasten den eraldakuntza baita.

Bide honetan, begiak itxi eta beste aldera begiratzeari uzteko ordua da. Gero eta ugariagoa da kalean, aisi guneetan... emakumeak pairatzen dugun jazarpena. Egoera horien guztien aurrean jarrera aktibo bat izan behar du jendarteak.

Erasotzaileek ez dute lekurik edozein jendartetan eta are gutxiago bere burua aurrerakoi eta justutzat duen jendarte batean. Horregatik bazterketa soziala praktikan jartzeko ordua da. Jarrera sexistak dituzten pertsonak, beraien bikote edota familiako emakumeekin bidezkoak ez diren portaerak dituztenak... ez dute tokirik eta jendarteak jakinarazi behar diegu, lantokian, kiroldegian, elkartean, tabernetan, auzokideen elkarteetan, kirol taldeetan... ez ditugula nahi, berean jarraitzen duten bitartean ez ditugula onartuko.

Harria, hala ere, ez dago gizabanako edo taldeen teilatuan soilik, instituzioek ere badute zertan hobetu indarkeria kasuei dagokienez.

Azken urteetan, gaiak izan duen gorakada mediatikoarekin lotuta, hainbat Plan, Lege eta neurri argitaratu dira, baina bat berak ere ez du saihestu 2006. urtean dagoneko lau izatea Euskal Herrian erailak izan diren emakumeak. Neurrien gehiengoa ezbeharren bat gertatu ondoren eman beharreko erantzuna artikulatzera zuzendua dago eta emakumearen askatasunak mugatzen ditu, ez erasotzailearenak. Emakumea da bere bizia aldatzera eta erasotua edota eraila izan ez dadin bitartekoak jartzera derrigortua dena.

Erasotuak diren emakumeek ez dute baliabide nahiko independentzia ekonomikoa lortuz beraien erasotzaileengandik urrun bizia eraberritzeko eta,kasuan kasu, seme-alabak mantentzeko. Laguntzak mugatuak dira, formakuntza jaso eta lanbide egoki bat bilatzeko laguntzarik ez da ematen.

Prebentzioan ez da ia ezer aurreratu azken bost urteetan. Alderdi honetatik heziketak duen urgentziako garrantzia ez da behar adina kontuan hartzen, erasotzaileen gero eta adin baxuagoan antzematen delarik. Hezkidetzaren inguruko proiektuak mahai gainean jartzeko ahoa hitzez betetzen zaigu, baina profesionalek ez dakite gai hauek beharrezko duten zeharlerrotasuna aktiboki aplikatzen, gai isolatu bezala lantzen dira beste arlo guztietako edukiei zuzenean eragin gabe.

Emakumeok ezin gara urte luzeetan zehar jarrera bera jasaten egon. Ezin gara «gauzak doazen erritmoan doaz, azkarrago joan ezin direlako» bezalako esaldietatik zerbait positiboa eta egiazkoa osatu zain egon. Harreman sareak osatu eta kolektibo bezala pairatzen ditugun eraso guztiei aurre egitea da gelditzen zaigun irtenbiderik gertukoena aldaketak makal etorriko direla oso argi uzten baitigute gure ordezkari politikoek. Emakumeok egoerari aurre egiteko autodefentsa sareak antolatzeko behar gero eta premiazkoagoa dugu. Ez soilik indarkeria kasuei aurre egiteko, bigarren mailako biztanle izateari utzi eta gure behar zein eskubideen bozgorailu zuzen bihurtzeko baizik.

Azaroaren 25 honetan aukera dugu kalera irten eta aski dela ozen esateko Euskal Herriko hiri, herri eta txoko guztietan.