60 lagun inguru bilduko dira igandean Itsasiren eguna ospatzeko

Uztarria 2006ko aza. 23a, 16:11

Meza, dantzari txikien emanaldia eta bazkaria izango dituzte

Larunbatean, berriz, umeentzako merienda izango da dantza taldearen egoitzan

Urtero legez, aurten ere Itsasiren eguna ospatuko dute taldeko kide eta kide izandakoek. Igandean, azaroaren 26an izango da hori. "Urtero antolatzen dugun eguna da. Polita izaten da. Taldeko kide eta kide ohiak biltzen gara egun horretan; aurten 60 lagun inguru bilduko gara bazkaritan" dio Amaia Aranaga Itsasiko kideak.

Iganderako egun osoko egitaraua antolatu dute. Goizean, 11:00etan meza izango dute parrokian. "Meza baino lehenago taldeko batzuk lagunarteko futbol partida jokatzeko bilduko dira. Meza bukatu ondoren, dantzari txikienek, 8, 9 eta 10 urtekoek, dantza egingo dute eliza ataraian" dio Aranagak. Meza ondoren, 14:30ak aldera Kiruri jatetxean bilduko dira taldeko kide eta kide izandakoak bazkaria egiteko.

Larunbatean, berriz, Itsasiko gaztetxoenek festa izango dute. "Normalean bazkarira umeak ez dira joaten. Horregatik, larunbat arratsalderako merienda antolatu dugu" dio Aranagak. Merienda, Itsasiren egoitzan, jesusmariatan izango da 17:00etan.

Jesusmariatan "oso gustura"

Ikasturtea egoitza berrian hasi zuen Itsasi dantza taldeek. Denbora tarte honetan lokal berriarekin "oso gustura" daudela dio Aranagak. "Oso gustura gaude lokal berriarekin. Entseguak egiteko-eta toki hona da, detailetxo batzuk falta zaizkigu, gauzaren bat edo beste egokitzeko daude, baina horiek guk egin beharreko kontuak dira". Hilabete honen hasieratik dantza sueltoko ikastaroak ematen dituzten bertan. "Santo Tomasak bitartean urtero antolatzen dugun ikastaroa da dantza sueltokoa. Adin ezberdinetako jendeak ematen du izena: 20 urtetik hasi eta 40 urte arteko jendea dabil aurten" dio Amaia Aranagak. Maila desberdinetako jendea biltzen da ikastaro horietan, "batzuk hasi berriak dira, beste batzuk aurreko urteetan ikasitakoa perfekzionatzera joaten dira".