Eusebio Beloki: "Xoxotekoa ez da ohiko aterpea"

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 23a, 15:11
Eusebio Beloki.

Lekuko aldaketa egingo dute laster Xoxoteko aterpean, oraingo arduradunak Gabonetan utziko baitu (Urola Kostako Hitza)

Linzako (Huesca, Espainia) mendiko aterpean eskarmentua hartu ondoren, Lagun Onak Mendizale Elkarteak Xoxoten duen aterpearen ardura hartu zuen Eusebio Belokik (Azpeitia, 1970) orain lau urte, lagun batekin batera. Gabonetan utziko dio Azpeitiko aterpean lan egiteari.

Nola bizi izan dituzu Xoxoten emandako lau urteak?

Ondo. Lehenengo urteak pixka bat gogorrak izan ziren. Negozio guztiek behar izaten dute lau urteko epea zer nolako martxa duten ikusteko. Gainera, aurretik itxita egon zen. Baina azkenengo bi urte hauek oso onak izan dira.

Lanerako jenderik ezin topatuta ibili zarete.

Jendea bazegoen, baina lanean erraz eta eroso egongo zen norbait behar genuen, umeekin gauetan lo egiten geratzeko, adibidez. Eta horretarako prest zegoenik ez dugu topatu. Herri mailan ez dut ikusten lan poltsarik, lau-bost laguneko talderik ezin da osatu Azpeitian. Nire lankide Beni Linzara joan zen eta nik utzi egingo dut. Baina negozioak martxa ona du. bestela

Nolako jarduna du aterpeak?

Xoxotekoa ez da ohiko aterpea. Azken bi hilabetetan taldeak eta familiak izan ditugu, eta udaberrian umeak etortzen dira. Baina gehienbat asteburuan etortzen da jendea. Gehiago da mendiko ostatu bat, mendi buelta egitera joaten den jendeak erabiltzen duena.

Noiz egoten da zabalik?

Neguan, azaroa eta martxoa bitartean, astelehenetik asteazkenera itxita egoten da. Ostegunetan zabaltzen dugu. Astebukaeretan beti egoten da zabalik, urte osoan

Hemen inguruko jendea joaten al da?

Ez, lo egiten geratzen direnak kanpotarrak izaten dira. Aterpera ere gutxi etortzen dira. Gehienbat kostako jendea etortzen da: Ondarroa, Bermeo, Lekeitio... Donostiarrak eta bilbotarrak ere etortzen dira, baina azpeitiarrik ez. Azpeitiarrengatik balitz aterpea itxita egongo litzateke. Horren gordina da.

Udaberrian mendi federazioarekin ere lan asko egiten duzue.

Aurten gehiago, Zarauzkoa urte eta erdirako itxi egin baitute lanak egiteko. Ume denak hona, Lizarrustira eta San Adrianera eraman dituzte.

Pasadizo ugariren lekuko izango zineten.

Jendea galdu egiten da baina beti aurkitzen dute aterpea. Istripuak ere izan dira baina inoiz ez larriak. Jende xelebrea etortzen da, baina ez da ezer berezirik gertatu inoiz.

Nola iristen zarete aterperaino?

Elurra egiten duenean, oinez; bestela, 4x4 ibilgailuan, generoa eraman behar badugu.

Askotan tokatu al zaizu oinez igotzea?

Bai, askotan. Neguan askotan. Orain bi urte ia sei aste pasa elurra egon zen eta egunero generoa hartu eta gora igotzen genuen. Zenbaitetan gertatu zitzaigun goizean joan generoa uztera, jeitsi, eta gauean trumoiak jo eta aterpea argindarrarik gabe gelditu zelako berriro igo beharra, argia ematera, eskiekin. Hori ederra da..

Beraz, ez da edozeinek hartu lezaken lana, ezta?

Niretzat ez. Jakin behar da denetik pixka bat, zerbait matxuratzen bada konpontzen-eta. Autonomoa izan behar zara, han zerbait gertatzen bada, konpondu eta jarraitu egin behar duzu, ezin da aterpea itxi. Mantenua zure kontura doa.

Eta orain arduradun berriaren bila dabiltza.

Lagun Onak Mendizale Elkarteak abenduaren 14a arte jarri du epea jendeak curriculumak bidaltzeko eta ea zer gertatzen den. Gu Gabonak arte geratuko gara.