Habeak arau ordezkatzaileekin duen desadostasuna azaldu du

Uztarria 2006ko aza. 21a, 18:11
Atzo, astelehena, Habeak emandako prentsaurrekoa.

Jarraitutako prozedurari, oinarri eta edukiei, helburu eta irtenbideei eta arau partikularrei egin dizkiete alegazioak

Habeak "haserako erabakia eten, zuzenketa guztiak egin, prozedura berri bat martxan jarri eta ondoren dokumentu berria jende aurrean jartzeko" eskatu dio Udalari

Azpeitiko Hiri Plangintzarako arau ordezkatzaleei hasierako onarpena eman zitzaien irailean egin zen udalbatzarrean. Hau onartu ondoren, alegazioak egin ahal izateko, hilabeteko epea zabaldu zen eta Habeak arau hauen hasierako onarpenarekin zuen "desadostasun garbia" azaldu ahal izateko lau punturen inguruko alegazioak aurkeztu ditu.

Alegazioak aurkeztearen arrazoia azaltzeko, prentsaurrekoa eman zuen atzo, astelehena Habeak.

Habeak azaldu duenez, arau ordezkatzaileen prozeduran, "herriatarren parte hartzea ez da inondik inora bultzatu, eta prozesu guztia udal ordezkari eta teknikoen bidez egin da". Bestalde, Habearen ustez, "arauok ez dute beharrezkoa zen zilegitasun demokratikorik. Azpeitiko Udalean, ordezkaritza legitimoa dutenen aldetik EAJk bakarrik eman baitzion baiezko botoa arauei. Presa dute legegintzaldi honetan prozesua bukatzeko, apartheidaren legegintzaldian bakarrik egin dezaketelako iruzur hori". Habeak azaldu duenez, prozedura honetan "azpeitiarron hizkuntza eskubideak larriki urratu dira, hasieratik bukaerarainoko dokumentazio guztia gaztelania hutsean egin baita. Hori Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia onartzen lehena izan zen, eta eredu izan nahi zuen Udalak egin du".

Dokumentuak biltzen dituen oinarri eta edukiei dagokionez, "errebisioa egiteko justifikazioak ez daude oinarrituta diagnostiko egoki batean" azaldu dute. "Agenda 21eko planean agertzen diren helburu eta ekintzak ez dira betetzen", dio Habeak.

Planeamenduaren irtenbideei dagokionez, alegazioak bost arlotan egin dituzte. Etxebizitzen arloan, "1.246 etxebizitza egitea aurreikusten da zortzi urtetan. Bizlanteria, ordea, azken urteotan bere horretan mantentzen da, ondorioz ez dio inongo beharrei erantzuten hainbeste etxe eraikitzeak herrian", azaldu dute. Lurzoruari dagokionez, "Larreko eremua prestatuta urtetan geldirik dagoen bitartean, Larrin eta Zapatariko landa eremuak urbanizatzea" planteatze dela salatu dute. Parkeei dagokionez, herri barruan ez dela batere aurreikusten azaldu zuten.

Komunikazio azpiegiturak

Habeak komunikazio azpiegiturak aipatu gabe ere ez ditu utzi nahi, "Sahiesbide berria Landetarik Txerloiraino joango da eta ez du balioko trafikoaren arazoa konpontzeko". Izan ere, herri barruko mugimenduek sortzen omen dute trafiko arazo nagusia. Bestetik, Urola Kostako zatikako planean Urolako trenaren berreskuratze osoaren aldeko apustua egiten bada ere, arauetan ez dela ezer ageri ere plazaratu zuen Habeak.

Eremu zehatzei dagokionez, "11 eremu desberdinei egin dizkiogu alegazioak. Beti ere, herriaren garapen orekatua sozial eta ezkertiarran bultzatu asmoz".

Habeak hitzetan, "dokumentu honetan, ez dute bat egiten helburuek eta ondorengo erabakiek. Garapen orekatu eta soziala egiteko asmoa agertzen bada ere, gero hartzen diren erabakiak honen aurkakoak dira". Guzti horregatik sartu dituzte alegazioak.