Soreasun garajea erosteko 51 lagunek eman dute izena

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 21a, 16:11
Soreasun egiten ari diren lanak.

Kontratazio mahaiak bihar, asteazkena, bilera egingo du eskaera egin eta onartutakoen zerrenda osatzeko, 18:30ean, udaletxean

Hasieran 267 aparkaleku egitea aurreikusita bazegoen ere, arazo teknikoak direla eta proiektua aldatu egin dute (Urola Kostako Hitza)

Soreasuko lur azpiko aparkalekuen kontratazio mahaiak bilera egingo dute bihar, asteazkena, 18:30ean, udaletxeko areto nagusian. Bertan, aurkeztutako proposamenak ireki eta kalifikatuko dituzte; onartutakoen zerrenda osatuko dute, eta onartu ez direnak zerrenda berrian jarri eta irizpide berriak aztertuko dituzte.

Izan ere, Soreasuko kultur gunearen azpian autoentzako aparkalekuak egingo dituzte, bi solairutan. Udalak apirilean bigarren solairukoak saltzen jarri zituen; zehazki, 137 aparkaleku jarri zituen salgai. 51 lagunek eman dute izena udaletxean, aparkalekua erosi nahi dutelako. Aparkalekuen zozketa bihar egingo dute, udaletxeko areto nagusian, 18:30ean.

Soreasuko lur azpian 267 aparkaleku egitea aurreikusi zuten aurrena. Baina, obrak hasi direnean arazo teknikoak egon dira, eta proiektua pixka bat aldatu egin behar izan dute. Toki horretan uste baino ur gehiago azaldu da: "Segurtasunerako neurri batzuk hartu behar izan dira Soreasun, eta aparkalekuen planoak aldatu egin dira. Bigarren solairuan esaterako, 137 aparkaleku aurreikusten ziren, baina orain gutxiago izango dira. Trastelekuak, aldiz, lehen baino gehiago dira", diote Udaleko Hirigintza arduradunek.

Udalak, bigarren solairuko garajeak jarri zituen saltzen: "Aurreneko eskaintza alde zaharreko (Soreasu, Madalena, Erdi kalea, Eliz kalea, Enparan kalea, Santiago kalea, Txaribar, Plaza Txikia eta herriko plaza) etxejabeei, merkatariei eta ostalariei egin genien. Eskaintza horretan 51 lagunek eman dute izena". Orain, hutsik gelditzen diren gainontzeko garajeak saltzeko eskaintza berri bat egingo du Udalak: "Irizpideak edota baldintzak zabalagoak jarriko ditugu bigarren eskaintzan, baina oraindik erabaki gabe daude". Soreasuko lur azpiko aparkaleku batek 15.000 euro (BEZ barne) balio ditu, eta aparkalekua eta trastelekua erostea 18.000 euro (BEZ barne) kostatzen da.