Txanpardin baserria erre da gauean

Uztarria 2006ko aza. 16a, 10:11

Goizaldeko ordubatak eta laurden ordubata eta erdia aldera hasi da sua

Baserria guztiz kiskali du suteak

Goizaldeko ordubatak eta laurden ordubata eta erdiak aldera hasi da sua Olatz auzoko Txanpardin baserrian. Une horretan Pili Ezenarro, etxeko andrea lotan zegoen. "Andrea bakarrik zegoen etxean, ni lanean bainengoen. Txakur eta oilo zaratak entzun ditu Pilik, eta jaiki denerako baserri osoa sutan zegoen", azaldu du Juan Mari Aranguren baserriko jabeak. Andreak "eskapada" izugarria egin du, konturatu denerako baserri guztia sutan baitzegoen. Baserrian zeuden 30-40 bat oiloak ateratzeko betarik ere ez dute izan.

Sua zegoela konturatu eta suhiltzaileei hots egin diete, baina suhiltzaileak etortzerako ez zegoen zereginik. Ordubiak aldera iritsi dira suhiltzaileak, baina ordurako suak egin beharrekoa eginda zuen.

Sua non hasi den ez dakite ziur: "Etxeko teilatuan hasi da sua, baina ez dakigu zergatik izan den ziur. Ekonomika piztuta zegoen, eta baliteke hango txinpartaren batek hastea sua", azaldu du.

Txanpardin baserria non dagoen ikusteko, ikusi mapa edo aireko argazkia uztarria.com-eko baserrien zerrendatik abiatuta.